Heriotzaren zoriontasuna eta lotsa - Mikel Carramiñana / Mediaberri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 30a, 20:41

Lotsaren harresia desagertu behar dela oihukatu diote Israelgo gobernuari munduko bazter gehienetatik, baina zutik dirau eta aurrera doa. Are gehiago, Libanorekin liskarretan jarraitzeko prestutasun osoa erakutsi dute Tel Aviv-etik azken egunetan. Badirudi benetan lasaiago dabilela Sharon Irakeko Sadam-en erregimena desagertu denetik. Lasaitasuna ulertu behar da hemen Palestinar herria inolako arazorik gabe sarraskitzeko askatasuna bezala. Azken hiru urteetan, bigarren Intifada piztu zenetik, 1.400 etxebizitza baino gehiago bota dituzte israeldarrek euren kolonizazioarekin jarraituz.

Hori gutxi balitz, aipatutako harresiak milaka eta milaka lagunei nekazaritza edo abeltzaintzarako lurrak erdibitu dizkiete. Egunero eraila izaten da herritarren bat ejertzitoaren esku eta astean behintzat, hiltzen dituzten horietariko bat adin txikikoa izaten da. Bitxia orain Israelgo politikaren ondorio bat “lotsagarritzat” jotzea. Orain artekoa harro egoteko modukoa izan al da? Zaila da sinestea nazioarteak, Estatu Batuak salbu noski, eurek ordaintzen baitituzte tankeak eta lanabes zapaltzaileak, ezer egiterik ez duela politika kolonizatzaile horrekin amaitzeko.

Ohitura da jadanik, telebistako albistegietan Palestinarren edo Israeldarren hilketak ikustea, eta latza da hori. Azken irudiak ikusita, begi hotzez esan daiteke, palestinar askorentzat hobe dela heriotza daramaten bizitza baino. Agian gupida handiagoa azaltzen du harria botatzen ari den umea tirokatzen duen soldaduak, herritar xumeenen etxeak botatzen dituztenak baino.

Lehenengoak behintzat, sufrimenduarekin bukatu du. Besteak, tankea edo makinaren gidariak, izu aurpegiak ikusiko ditu han eta hemen, negarrak helduko zaizkio erreietaraino eta amorrurik biziena, erbestera zigortu duen errugabearen amorrua, sentituko du. Baina hala ere aurrera jarraitzeko aginduak beteko ditu, gorpu hilak eta hondamena atzean utzita. Bush jaunak, terroristen bila mundua arakatzen omen dabilen hori, ziuraski eta tamalez ez zituen aipatutako irudiak ikusteko aukerarik izango. Penagarria, horietan terrorismoaren definizioa bikain azaltzen baitzen, izuaren bidez helburuak jarraitzea hain zuzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun