Ingurumenarekin lotuta dagoen ekimen honetan Lehen Hezkuntzako 137 taldek hartzen dute parte. Iazko ikasturtean, 2002/03an, guztira, 2.740 ikasle izan ziren horren barne. Lehenengo urtean, ekosistemen ikerketari ekiten diote, eta horretarako zuhaizkak eta hormak izaten dituzte aztergai; eta bigarrenean, baserritarren mundua ezagutzeko aukera dute. Ikasgelan ematen diote hasiera lanari, gero tokian bertan ikusiko dutena ezagutzeko. Udalerritik egingo duten ibilbide ekologikoa izango dute hurrengo urratsa.
Iñaki Zarraoa alkateak adierazi duenez, ekimenaren helburua da "umeek ingurumena ezagutzea eta kontzientziazio maila handitzea, maitasuna sortzea etorkizunean errespetuz ibil daitezen eta jasangarritasuna xedea izanik. Bizitzan ezinbestekoa duten inguru giroan ikasleak sartu eta horrekiko ezaguera indartzea."
Eskolako antzerkirako egitasmoa
Beste alde batetik, Udal Gobernu Taldeak 32.300 euroko dirulaguntza onartu du udalerriko ikastetxe publikoetan antzerkia sustatzeko lan egiten duen Getxoko Ume Antzerkia Bultzatzeko Elkarteari emateko. Ekimen horren bidez, ikastetxe publikoei eskaintzen dizkiete antzerkiarekin lotura dituzten ekimenak, batzuk eskolako ordutegiaren barruan egiteko, beste batzuk,ordutegitik kanpo egiteko. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik, Bigarren Derrigorrezko Hezkuntzako 2. mailara bitartean egiten dute. Ikasturte honetan, 620 ikaslek hartzen dute parte horretan 31 taldetan banatuta; 16k euskaraz lantzen dute antzerkia euskaraz eta beste 15ak, berriz, gaztelaniaz. Astean, 47 bat orduz jorratzen dute.
Egitasmo horren bukaeran, ekainean Getxo Antzokian egiten diren Eskolako Antzerki Jardunaldiak daude. Horietan, ikasleek, ikasturtean zehar prestaturiko antzezlanak aurkezten dituzte.