Kontrabanda Kontraerasoan - Christian Reinicke / Getxo Bizia-ko kide

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 2a, 22:30

Urtebete ez da igaro aurrekoan Kafe Antzokian eta Manu Chaorekin batera Fermin Muguruza ikusi nuenetik, larunbatean hego haize zoragarriaren laguntzaz eta milaka ikusle entzule artean beste emanaldi paregabe batez disfrutatu dudan arte.

Komunikazio Tour non eta Algortan, zioen Ukberrik bezperako albistean, baina behin baino gehiagotan izan da Fermin Getxon. Faduran lau talde desberdinek grabatutako Lp hura argitaratzear zegoela jo zuen Kortatuk La Polla eta AHV-rekin batera, Herri Batasunak Martxa eta Borroka kanpainaren baitan antolatuta. Maketazale batzuk ezik gehienok ez genuen Irungo hirukotea ezagutzen eta liluratuta geratu ginen Nikaragua Sandinistarekin.

Urte asko, kontzertu eta esperientzia asko, baina Ferminek beti izan du begi bat bere herrian eta bestea munduan. Oraingo Kontrabanda bezain internazionalista zen hasierako Kortatu hura, Azken Guda Dantza Anaitasunan, Neguren Gora Herria eta Kolore Bizia, edo zapatisten oihanera egindako bidaia. Zeren eta posible al da internazionalista izatea nor bere herriaren izaeraz eta egoeraz kontziente izan gabe?

Honez gain Fermin Muguruza gure herriaren enbaxadore da munduan. Bidaiatzen garenean eta nongoak garen, Basque Country demontre hori non dagoen eta espainolak ez, ezta frantsesak ere ez garela azaldu behar dugun bakoitzean, neurri batean denok gara gure herriaren ordezkari. Baina dudarik ez, idazle, musikari eta artistak, horretarako borondate, kemena eta komunikatzeko ahalmena izanda, enbaxadore bikainak dira.

Izan bagarela ere ukatu nahi dutenak, hori da hain zuzen ere jasan ezin dutena. Era indartsu eta erakargarri batez gurearen berri ematen duen oro mugatu, indargabetu eta desagertarazi nahi dute. Aste gogorrak izan dira azkenengo hauek euskal musikari eta Kontrabandarentzat. Emanaldiak bertan behera eta horrelakoetan ikusten da zein dagoen non eta zer emateko prest. Catalunya ere ez da Espainia. Bertako kontzertua topera, elkartasunez eta aldarrikapenez betea. Kronikek hori diote behintzat.

Getxokoa programatu zutenak nahi gabe asmatu zuten. Hile batzuk lehenago kontratatutakoak egunkarien azaletara egin zuen salto. Bertoko faxistek ere ez dute haien neurriko mezua zabaltzeko aukera galdu, badaezpada ere. Baina egia esan, Azkuna da dotore eta politikoki era zuzenean adierazpen askatasunaren alde agertzeko oportunitatea hain errez gal dezakeen bakanetakoa. Portu Zaharreko termometroak aurreko egunetatik markatzen zuen giro jendetsua.

Eta apurka, apurka berotzen joan zen. Adin guztietakoak karpapean, txikienak goizago erretiratu ziren, baina ziur zer kontaturik izango dutela oraindik aurrera. Bat, bi, bat bi hiru lau ... Norekin ez zen Fermin gogoratu? Nork ez zuen trikitiaren doinuaz abestu?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun