Deuna Agatena batzeko gatoz aurte be igazko berberak, igaz lez hartu gagizuz eta zabaldu zuen sakelak. Ehunka ume, guraso eta nagusi irten berri dira kalera egun seinalatuan, iluntze atsegin bat elkarren ondoan kantuz igarotzeko. Baina Agate Deunarena adibidea baino ez da. Zeinek ez daki, bada, Athletic-en ereserkia, Boga-Boga, Lau Teilatu edo Aita Jainkoak egin banindu zeruetako giltzari
. Doinu horiek guztiek belaunaldi ezberdinetako sasi abeslariok elkarrekin gozatzeko erabiltzen ditugu. Baina askoren zaletasuna urrunago doa eta halako batean erabaki zuten afizio horri gehiago ekitea, nolabait esateko, kalitatezko produktu landua jendearen aurrean eskeini ahal izateko. Herriko abesbatzez ari naiz.
Getxon ugari eta era askotakoak dira abesbatzak eta gehienak mistoak, hau da, emakumez eta gizonez osatuak: Areetako Zozoak eta Ondarreta, Erromoko Nagusien Etxeko Ibar taldea, eta Algortako Tangorako Soinutarrak, Irutasun eta Itxartu, besteak beste. Ahots zurien abesbatza ere badago Erromo aldean, Txori Alai Abesbatza izenekoa, eta ezin dugu ahaztu agian Getxoko abesbatzen aitzindari izan zena, Algortako Biotz Alai, hirurogei bat ahots baxuk eratua. Talde hauek guztiek osatzen dituzten abeslariak astero elkartzen dira bitan edo hirutan entseguak egiteko. Bertan euskal kantuen zein nazioarteko abestien errepertorio anitza lantzen dute eta sarritan udalerritik kanpora irteten dira inguruetako herri edo erkidegoetara eta, zorioneko batzuk, noizean behin, atzerrira ere joaten dira.
Nire mirespen eta onarpen osoa adierazi nahi diet pertsona hauei guztiei eta eurek egiten duten lanari. Askotan kexati agertzen dira bertokoak izanik merezi duten neurrian ez ditugulako aintzakotzat hartzen. Baina hori ez da egia. Usadioz, Euskal Herriko abesbatzak ezinbestekoak izan dira euskara eta euskal kulturaren sena belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eta ziur nago aurrerantzean ere horrela izango dela.
Egungo mundu globalizatu honetan, non teknologia berriak eta industria handiek produktu artifizial eta bideratuak baino ez dizkiguten eskaintzen, ona da etxe ondoan daukagunari begiratu bat ematea eta gure laguntza eta elkartasuna eskeintzea. Eutsi Euskal Herri kantariari!
P.D.: Guztion adierazpen askatasunaren ezaugarri diren heinean, nire elkartasun osoa erakutsi nahi diet egun euren lan artistiskoaren kontra jazarpenak jasotzen ari diren euskal zein mundu osoko abeslari, musika talde, zinegile, idazle eta artista guztiei.