Umeen eta gazteen bilakaera aztertzen duen egitasmoa da, eta horiek eskolara itzul daitezen ahaleginak eta motibazioak dituzte abiapuntu. Baina batzutan, aipatutako motibazioa nahikoa ez dela ikusten dute adituek. Hori dela eta, ikasketak behar bezala garatzeko laguntza ezinbestekoa jotzen dute, adingabekoen gaitasuna ikasteko egokiena izan dadin. Azken hori jorratu nahi dute egitasmo berriaren bidez. Iñaki Zarraoa alkateak aditzera eman duenez, "eskolatik kanpoko laguntza eskaintzean datza zerbitzua, bizi izan duten egoera latzaren eraginez galdutakoa berreskura dezaten. Horregatik jarri dugu abian zerbitzu berria".
Hiru helburu ezarri dituzte. Alde batetik, eskolan etekinak lortzeko, eta jarrera eta ohiturak hobetzeko behar dituzten baliabideak ematea adingabekoei; bestetik, hezkuntza prozesu horretan familiaren laguntza lortzea. Eta azkenik, ikasleekin lana egiten duten profesionalen, irakasleen eta familiaren arteko elkarlana sortzea. Hiruren artean arazoa gainditzea lor dezaten.
Ekimen berriaren arduraduna, gaur egun abian dagoen gizarte integraziorako programa garatzen duen Agintzari Elkarte Kooperatiba izango da. Adingabekoek, bi begirale izango dituzte laguntza emateko. Alkateak esan duenaren arabera, "ikusten badugu egitasmoak emaitza egokiak ematen dituela, aurrera jarraituko dugu hurrengo ikasturtean, edo bestela, agertzen diren beharren arabera egokituko dugu". Beraz, orain sinatuko duten ituna, urtarriletik ekainera bitartekoa izango da, oraingo ikasturteko epea.