Ikasle presoenganako tratu berezirik ez dagoela erantzun dio PPri Iztuetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 6a, 22:16

Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatutako ikasle presoen gaineko txostenak, hauenganako "faborezko tratua dagoenik" ez du adierazten, Iñaki Ortega PPko legebiltzarkideak egindako galderari Angeles Iztueta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuak erantzun dionaren arabera. Halaber, kezkatuta agertu da Iztueta, "behin eta berriro, EHUren kalitatea eta profesionaltasuna dudatan jartzen" ahalegintzen direlako popularrek.

Ortegak adierazi duenez, "argigarria" da aipatutako txostena, bere hitzetan, Pedagogia, Informatika eta Enpresa Ikasketak bezalako karreretan "ehuneko ehunek" gainditzen dutelako. Ildo berean, "presoenganako hezkuntza sistema hori" defendatzen jarraitzea egotzi dio sailburuari, "txostena mahai gainean egonda eta epaileak gertaerak ikertzen ari direla jakin arren".

"Hori gelditzeko ez duzu ezertxo ere egin. Are gehiago, Unibertsitate Legearen aldaketa proposatu duzu presoek EHUn ikasten jarrai dezaten. Gainera, jakin badakizu hori legez kontrakoa dela eta sostengu juridikorik ez duela", jarraitu du legebiltzarkide popularrak, Iztuetari "beste behin ere Legediatik kanpo jartzea" leporatuz. "

Horren aurrean, ikasle presoen kopurua "txikia" dela erantzun dio sailburuak, "gainditzen dutenen portzentaiak kalkulatzeko orduan, hori kontutan hartu behar" dela nabarmenduz. "Karrera batzuetan bizpahiru lagun baino ez dira matrikulatzen", azaldu du Iztuetak. Horretaz gain, "unibertsitatearen autonomian eskua sartzea" egotzi dio Ortegari. Esan duenez, "zeozertan badauka autonomia unibertsitateak ikasleak kalifikatzeko orduan izaten da". Honen harira, EHU eta bertako irakasleak "errespetatzea" eskatu dio parlamentari popularrari.

Azkenik, Unibertsitate Lege berriaren bitartez, "edozein pertsonak ikasteko eskubidea daukala" defendatu nahi dutela adierazi du Iztuetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun