Saratxagan eta Isuskizan autobusak eskatu dituzte Plentziako Independienteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 9a, 21:27

Saratxaga eta Isuskiza auzoetan Bizkaibus zerbitzuak areagotzea eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari Plentziako Independienteak alderdi politikoak. Hain zuzen ere, horixe da eskaerarik nabarmenena talde horrek egin eta etxeetara banatu duen txostenean. Euren hitzetan garraiobiderik ez dago bi auzo horietan.

Silvia Lopez de Guereñu zinegotziak adierazi duenez, beharrezkoa da Saratxaga eta Isuskiza auzoetan garraiobide publikoa jartzea, "bertan jende asko bizi delako, haur eta nagusi ugari horien artean". Hala ere, bere hitzetan, Bizkaibus linea berriak jarri baino kentzera jotzen duela erantzun omen die Plentziako Independienteei Aldundiak, "errentagarriak ez" direla argudiatuz.

Jose Antonio Asensio Garraio arduradunarekin duela gutxi edukitako bileran "irtenbideren bat bilatzea onartu zuen honek, beti ere eskaera Plentziako Udalak berak egiten bazuen", Lopez de Gereñuk esan duenez. Baina alkateak (EAJkoa bera) ezezkoa eman du, zinegotziak gaineratu duenez, "momentu egokia ez dela esanez".

Jeltzaleen atzetik, Udalan ordezkaritza daukan bigarren alderdi politikoa dira Plentziako Independienteak, bi zinegotziekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun