Titulazio berriekin batera, izena aldatu diote EHUko Zientzia Falkultateari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 9a, 21:54

EHUko Gobernu Batzordeak Zientzia Fakultatearen izendapenaren aldaketa onartu berri du, eta aurrerantzean, Zientzia eta Teknologia Fakultatea deituko da, unibertsitateko iturriek gaur jakinarazi duenez.

Zientzia Fakultatean tradizionalki ematen ziren bost titulazioei (Matematika, Biologia, Fisika, Geologia eta Kimika) teknologia alorreko edukin handiagoa duten beste lau gehitu zaizkie: Ingeniaritza Kimiko, Ingeniaritza Elektronikoa, Biokimika eta Ingurumen-Zientziak. Horrela, "antzinako izendapena zaharkituta" zegoenez, aldatu egin dute.

Gainera, Zientzia eta Teknologia Fakultatea omen da, teknologikoki aurreratuak dauden herrialdeetan, antzeko egitura duten zentroak izendatzeko modua, EHUtik gogoratu dutenez.

"Ikerkuntzaren arlorrean ikuspegiak zabaltzea izan da aldaketaren beste arrazoietako bat. Fakultatean egiten diren ikerkuntzak hiritarren ongizatea hobeagotzeko eta produktu berrien garapenerako aplikatzen ari dira jada", Juan Ramón González Velasco dekanoak adierazi duenez.

Halaber, kontuan izan behar da fakultatea handitzeko egin diren berrikuntza lanak duela gutxi bukatu direla, eta irakaskuntza eta ikerkuntzarako baliabideak berrantolatzea ekarri duela horrek, "lantzen diren arlo zientifiko-teknologikoen arteko sinergien erabilera hobeagoa ahalbidetuz".

"Fakultate berria da, oso sendotua, kalitateari dagokionez Europako ereduaren alderatze-prozesuen menpe dagoena, eta euskal gizarteari trebakuntza espezializatua eskaintzen diona, jakinduriaren eta aplikazio teknologikoen arlorretan", azpimarratu du dekanoak.

3.800etik gora ikasle

Fakultate hau EHU jaio zenean sortu zuten, Bilboko Unibertsitatea zenean alegia, 60ko hamarkadaren bukaeran eta 70koaren hasieran. EAEko unibertsitate publikoaren zentro handienetarikoa da ikasle kopuruan eta bertan ematen diren titulazioetan ere bai. Gaur egun 3.800etik gora ikasle ditu, eta 600 titulatu berri ateratzen ditu urtero.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun