Eko-espekulazioa - Fredi Paya / bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 9a, 22:01

Artikulu honetan gure etxeaz berba egitera noa. "Oikos" hitzak, hainbeste eletan txertatuta erabiltzen dugun greziar hizkuntzaren maileguak, etxea esan gura duelako. Guztion etxea, hain zuzen ere. Kasu honetan, zehazkiago, gure eskualdeaz mintzatuko naiz. Sano kezkatuta naukalako. Denon etxea behar lukeena gutxi batzuen desiren menpe ikusten baitut. Guztion aberastasun behar lukeena gutxi batzuen etekin bihurtzen dabil. Eta okerragoa dena, etxetik alde egin beharrean aurkitzen den jende asko dago. Euskal kulturaren barruan etxearen kontzeptuak daukan esanguratik abiatuta ideia multzo hau aztertzen joango naiz apurka-apurka. Gai baldin banaiz, behintzat.

Esan beharrik ez dago gure eskualdeak azken mende erdian aldaketa ikaragarriak bizi izan dituela bere izaeran. Paisaiatik abiatuta eta errealitate sozialetik igaroz iraultza garrantzitsua bizi izan du. Gaur egun ere joera berdinek agintzen dute. Garaia da, agian, zer norabidetan goazen eta prozesu hau kontrolatu daitekeen hausnartzeko.

Orain zenbait urte biziki harritu ninduen Getxoko hirigintza plana ikusteak. Izugarria iruditu zitzaidan umea nintzela berdegunea zena porlan multzo erraldoi bezala ikustea. Izan ere, gure herriko etorkizuneko berdegune bakarrak pikoletoen kuartela eta golf zelaia izango baitira. Eta ez batak ez besteak ez dute herritar guztiontzako ongizatearen ikuspuntua errespetatzen.

Eraikuntza prozesu etengabe honek ez dut uste benetako oinarri sozialik daukanik. Piramide demografikoaren itxuraldaketak hazkundea baldintzatzen duela entzuten dugu egunero. Beraz, etxebizitzen eraikuntzak ez dio erantzuten oinarrizko eskubidea bermatzera zuzenduriko politika bati.

Beste alde batetik antzeman dezakegun bezala, etxebizitza eskubidea geroz eta urrunago dagoela errealitate izatetik. Eros gaitasun handiko gizarte multzo txiki baten interesei baino ez die erantzuten politika honek. Eta udaletxeak ez du ematen interes orokorra defendatzeko asmo handirik duenik. Orain arte guztiona denarekin aberasten dabiltzan gutxi horien interesen defendatzaile sutsuaren papera baino ez baitu bete. Arrazoiren bat izango du dudarik gabe. Baina ez dut uste aitorgarria denik.

Gainera, epe ertainera dagoeneko nabaritzen ari garen mapa sozio-politikoaren aldaketa ekarriko du honek guztiak. Ziurrenik, orain boterean daudenen kalterako. Baina gaurko ogia gurago ei dute biharko gosea ekarriko duela jakin arren.

Egoeraren gordina erretorika edo literatur baliabiderik gabe deskribatzen ahalegindu naiz. EAJrengan fede guztia galdu eta gero instituzioetatik kanpoko antolamendutik prozesu hau gelditzea posible dela sinistuta. Baina horretarako gure herrian hain kaltetuta dagoen ehun soziala berregiten hasi behar genuke. Gure arteko komunikazioa bultzatu eta guztionak diren arazoetan bizi dugun bakardade sentipena gainditu eta gero.

Bakoitzak atera beza bere ondorioa. Baina denbora gure kontra ari da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun