Manifestaldirako manifestua:
25 urte torturapean! Aski da!
25 urte pasa dira espainiar konstituzioa onartu zenetik. 25 urte Estatu espainiarrean jarraitasun egoera bati sendotasunaemateko, betikotuko den itxura duen egoera bat hain zuzen ere. 25 urte ziega frankistetako tortura apaindu, findu eta hobetzeko, betiere gauza beretik gehiago delakoaren teknika erabiliz. Euskal Herriaren aurkako 25 urtetako ukazioa, guda zikina eta basakeria.
Itunak berretsi ziren bai, baita hitzarmenak sinatu ere eta hautsak harrotu ere bai... Trantsizioa burutua zegoen, akatsak zuzenduta, behin betikoz Estatuaren aparatuak garbituak zeuden. Erreferenduma. Espainian baiezko irmoa. Ezezko biribila Euskal Herrian. Bagenekien egoera ez zela konponduko.
Argi eta garbi genekien beste behin ere, ziegak lehenago traidoretzat jotako probintzietako gizon eta emakumeez beteko zirela. Euskaldun askoren sentipen lazgarriak oraindik orain salaketa, adierazpen eta plegu itxuraz pilatzen dira espainiar auzitegi berrietako mahaietan. 1979. urteko azaroan, Ibñez Freire, konstituzioko idatzi dotoreek ziotenaren arabera lan egiten zuen orduko barne ministroak, torturak gezurrezkoak zirela zioen haundikiro.
Ordutik gaurdaino Espainiar gobernuak eta bere menpeko administrazio autonomikoek jarrera berdinean tinko diraute. Miseria eta sistemaren ustelkeria entzutegi bitartez, lege antiterrorista konstituzionalak erabiliz, galdeketa basatiak egiteko gune ilunak bilatuz eta poliziaren jokabiderako protokolo ederrak erabiliz estali nahi izan dute. Ziegatan garrasiak entzuten diren bitartean, giza eskubideen aldeko kanpainak prestatu izan dira.
Eta, izugarrikeria honen aurrean euskal gizartea. Zakarrontziaren tapa etengabe altxatu nahi duen esku bakarra. Barruan zerdagoen arakatu nahi duten begi bakanak. Ekaitzaren eta basakeriaren aurrean etxekoak babestuko dituen bihotz bakarra. Kanpaina ofizialetako eta jatorrizko bertsioen benetako mezua ulertzen ikasi duen buru bakartia. Aho-batez aldarria anplifikatuko duen ahots bakarra. Datorren otsailaren 14an Donostiako kaleak zeharkatuko dituen gorputz bakarra.
Euskal Herriak aho bakar hori altxatu behar du, behingoz euskaldunik egon ez dadin oinazearen bakardadean oihu egingo duenik.
Otsailaren 14an guztiok Donostiara