Hasteko, militarrak. Arazoa hildakoen familietan hasi zen eta gero hierarkiara hedatuz joan da: Turkian erori zen hegazkinetik hasi, segadan hildako espioiak, eta abar, militarrak ez daude konforme gobernuak eman dien amerikarren bigarren mailako konpartsa papera betetzearekin.
Halaber, Guardia Zibilaren izaera militarra (Irakera joatera behartzen dituena, esaterako) kolokan jartzen duten ahotsak ere ugarituz doaz. Polizia nazionalarekin bat egitea eskatzen dutenak asko direlarik, PSOEk bere hauteskunde-programan sartu du eskari hau. Azkenik, Carod-Rovira auzian argi ikusi ahal izan ditugu Estatuaren informazio-zerbitzuak barne-espioitza eginez, gobernuko partiduaren interesetarako lan egiten. Honek guztiak ondoeza areagotu egin du estamentu militarraren baitan.
Eustarri erlijiosoan berriz, apezpiku espainiarren azken pastoralak genero-bortizkeria sexu-askapenaren ondorioa dela dioena hautsak ederki harrotu ditu alde guztietan PPn bertan ere bai eta denboran oso desfasatuta daudela erakutsi. Gainera duela gutxi ere Espainiako batasuna ondasun morala dela esan du haietako batek, eta hori eginez, politika eta erlijioa estuki lotzen zituen aspaldiko nazional-katolizismoa ekarri digu gogora.
Mundu juridikoa ere gero eta nahasiago agertzen da. Agintari politikoen injerentzia nabarmenak aurrez aurre jarri ditu zenbait jurista eta legeetan aditu, Madrilgo eta autonomietako auzitegiak, eta azkenean, Gorena eta Konstituzionala ere beraien artean.
Komunikabideak, bestalde, Euskal Herriarekiko guztiz homogeneizatuta agertzeagatik desgaste handia nozitzen dute komunikazioari zor zaizkion independentzia, egia eta orekatasunari iruzur etengabean jokatzera behartuta daudelako.
Azkenik, enpresarien mundua dugu zatituta. PP enpresari batzuen kontra aritzeak nahasmendua sortu du merkatuan. Nahasmen horrek mesfidantzak sortu ditu eta horrek guztiak ohiko konpetentzia arauetan diferentziak eta enpresen desprestigioa sor ditzake. Honekin guztiarekin ondoeza sortu da enpresarien artean, negozioetan naturala ez den osagarria politika alderdikaria, alegia artifizialki sartu delako.ç
Laburtuz, PPk eraman nahi duen politika neofrankistak kontraesanak, haserrea eta ondoeza sortzen ditu eskuinaren ohiko oinarrietan. Sumatzekoa da kontraesan horiek PPk eman nahi duen batasun irudian, eta partiduan bertan ere, eragina izango dutela horrela segituz gero.