Jazzaldiko iturriek jakinarazi dutenez, urtero gertatzen den moduan, oso zaila izan zen irabazlea aukeratzea, talde guztiek maila ona ematen dutelako. Hala ere, azkenean, Eskandinaviako talde baten esku geratu zen berriro ere saria, Solid! talde norvegiarrak irabazi baitzuen Talde Lehiaketa.
Gainera, aipatu bezala, beste bi sari eraman zituen. Alde batetik, epaimahaiak Truls Ronning bateria jolea izendatu zuen bakarlari onena; eta bestetik, Bjorn Vidar-Solli gitarrista izan zen bakarlaririk nabarmenena ikusleentzat.
Bjorn Vidar Solli (gitarra), Steinar Nickelsen (organoa) eta Truls Ronning (bateria) dira Solid! taldeko kideak. Ibilbide laburra izan arren, 2002. urteko Norvegiar Musikari Gazte Onenak aukeratu zituen herrialde horretako Kontzertuen Institutuak eta Jazzaren Forumak, Moldeko Nazioarteko Jazzaldian. Trondheimgo Jazz Kontserbatorioan ikasi dute hiru musikariek, eta CD honekin bere ametsetako bat bete dute, bilduriko abesti gehienak eurenak baitira.