Demak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak diseinaturiko egitasmoa da Eskutik, eta enpresa-kudeaketa arlo ezberdinetan aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie dohainik sortu berriak diren lurraldeko enpresei. Enpresaren hastapenetan, sustatzaileak aholkatzea da helburua, ondorengo urteei begira, horren jarduera sendotzeko asmoz. Baldintza bakarra Bizkaian helbideratuta dagoen enpresa sortu berri izatea da.
Enpresa bakoitzari aholkulari bat jartzen zaio, eta aldizkako bilerak egiten dira berarekin urtebetean, zerbitzuak irauten duen epea, alegia. Aholkularitza lan hori hiru arlotan sailkatzen da: Finantza-azterketa, Marketing Egitasmoa; eta Betebehar Legalak eta Fiskalak.
Euskal Parkea
Gainera, egitasmo horretan parte hartzen duten enpresek Demak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu eskura ditzakete, eta azoka, publizitate, ponentzia, ekitaldi eta informazio buletinetan parte hartu. Beste alde batetik, Euskal Parkean sartzeko aukera izaten dute enpresek, hau da, teknologia berrietan eta merkataritza elektronikoan interesa daukaten enpresa bizkaitarrak biltzen dituen enpresagune birtuala.