Otsailaren 16tik aurrera, aparkaleku berrian kotxea uzteagatik, 0,5 euro ordaindu beharko dute, gutxienez, Leioako Askartza ikastetxeko umeen gurasoek, zentroko zuzendaritzak bidali dien gutunean aipatzen denez. Hori dela eta, sinadurak batzen hasi dira ikasleen aita-amek.
Gurasoek adierazten dutenez, "nahitaezkoa" da aparkalekua erabiltzea, Lehenengo Hezkuntzako 3. mailatik beherako umeak eskolan uzteko, edota edozein ikasle hartzeko etxera bueltan. Horretaz gain, ikastetxeko beste edozein instalaziora kotxea sartzea debekatu nahi du zuzendaritzak.
Ehun sinadura baino gehiago bildu dituzte jada aita-amek. Hilabetean dohainik aparkatu ahal izateko denbora-epea eskatzen dute. Izan ere, zuzendaritzak botatako neurria "desegokia" jotzen dute, "ikastetxea aukerakoan existitzen ez ziren arazoak sortzen dituelako". Aipatutako neurria guztien artean erabaki behar zela uste dute gurasoek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.