Mehatxupean bizi direnak aipatu ditugularik, nik ez nuke inor gutxietsi gura; hala ere, babesaren kontuan sakondu gura nuke:
- Nork babestuko ote ditu Espainiako eta Frantziako gobernuen mehatxupetik kartzeletan askatasunik eta eskubiderik gabe dauden hainbat errepresaliatu eta haiek bisitzera joaten diren senideak eta lagunak? Errepresaliatu horiek gobernuen mendekua pairatzen ari dira, eta euren senideak ere zigortzen dituzte, kartzeletara astero ehundaka kilometro eginaraziz.
- Nork babestuko ote ditu txapel okerren eta gainontzeko polizien mehatxupetik herrigintzan eta euskalgintzan lanean dauden hainbat eta hainbat lagun? Egunero ikusten dugu jendea (bereziki jende gaztea) zelan atxilotzen duten inolako frogarik gabe, eta polizia talde horien eskuetan torturak eta mota guztietako tratu txarrak eta mehatxuak jasaten dituzte. Urte bete egingo da Euskaldunon Egunkariaren auzia zela eta bere administrazio kontseiluko hainbat kide txapel okerrek eraman zutela, horrekin herriaren edo euskararen alde lan egiten duen edonor eraman eta haiekin nahi dutena egin dezaketela argi eta garbi utzi zutelarik.
- Nork babestuko ote ditu gaur egun neoliberalismo basatiak inposatzen duen desberdintasun eta prekarietate ereduetatik, egunero lan bila dagoen hainbat gazte (eta ez hain gazte) edo lan ezegonkortasunean dagoen milaka eta milaka pertsona? Bizitza gero eta gareztiagoa da, aberatsak gero eta aberatsagoak dira, baina lanak eta soldatak gero eta eskasagoak dira.
- Nork babestuko ote ditu estranjeria legearen mehatxupetik, euren lurraldeetako egoera kaskarra bultzatuta gure herrietara etorri diren hainbat eta hainbat munduko etorkin? Lege hori dela eta, horietarik askok eta askok honaino etortzeko bizitza arriskuan jartzen dute, eta berton bizi direnak lanik txarrenak eta ezkutuenak egin beharra izaten dute, miseria gorrian bizi direlarik.
- Eta gure udalerrira etorriz, nork babestuko ote ditu enpresa inmobiliarioen eta ustezko hirigintza planak ezartzen dituen udalaren mehatxupetik, egiten diren etxebizitzen salneurriak ezin ordainduz egunero beste herrietara joan behar duten hainbat gazte? Herriko pertsona gazte batek, herri honetan ezin du etxerik erosi. Eta gainera, kontuan har dezagun etxebizitza gehiegi egiten direlarik (behar ez direnak), Getxon geratzen diren gune berde eta historiko guztiekin akabatu nahi dutela.
Ikusten duzuenez, babesaren kontua uste baino larriagoa da. Gure herrian hainbat biztanle bizi da boterearen mehatxupean, eta txarrena dena, inolako babesik gabe otsoen bazka direlarik. Iragarki horrek esaten duen legez, errealitate hori ezin dugu mozorrotu, baina ba al dago gobernurik horretaz babestuko gaituenik? Gasteizko gobernuak horretaz babestuko gaitu? Ni behintzat ezezkoan nago.