Burundiko Danborrak gaur egun dagoen Afrikako perkusiozko ikuskizun zoragarrienetako bat da. Hogei danbor baino gehiago, beti ere "inkiranyaren" (danbor nagusia) inguruan zirkuluerdia osatuz. Musikarekin batera, dantzariak erritmo-trantzean murgilduko bailiran, jauziaz eta itzulipurdiaz betetako koreografia ikusgarria eta ohiko bizitzarekin harremana duten eszenak antzeztuko dituzte.
Burundiko Danborrak 60ko hamarkadan jarri ziren abian eta mundu osoan zehar ibili dira euren musika erakutsiz. Erritmoek jatorri sakratuko antzinako usadioetan dute iturburua, eta beti presente egon dira euren herriko errege-erreginek munduan zehar eginiko bidaietan parte hartu egin dituzten zeremonia guztietan. Ikuskizuna antzinakoa izan arren, freskotasun, misterio eta bizkortasunez beteta dago, danborjoleen jantzi tradizionalek dituzten kolore biziak ahaztu barik.
Burundiko Danborren aurretik, Maliko Tuareg Emakumeek joko dute, hain zuzen ere, Tartit izeneko taldea da, Burkina Fasoko errefuxiatu-esparru batetik datozen tuareg emakumeek osatuta. Errepertorioaren barruan Maliko ahozko tuareg-tradizioaren soinuak daude eta, abestiei dagokienez, maitasun, bake eta gosearen aurkako borroka kontuak jorratzen dituzte, besteak beste. Tartit-ek ("batua" esan gura du) gitarra eta "téhardent" musika-tresnekin, kantuak eta baladak jotzen dituzte. Jarduera artistikoaz gain, euren jaioterrian tuareg emakumeen eskubideen alde borrokatzen du taldeak.