Buesa jaunak 90eko hamarkadaren hasieran ikastoleei eskaini zien sare publikoan sartzea eta pribatu izateari uztea. Askok, tamalez, onartu behar izan zuten euren egoera ekonomikoa ez zelako onena. Beste kasu askotan irakasleek bultzatu zituzten gurasoak aukera hau onartzeko. Ez gurasoentzat onena izango zelako, baizik eta irakasle horiek funtzionario bihurtuko zirelako eta lanpostua ziurtatuta edukiko zutelako. Berekoikeria hutsa euren aldetik.
Ez dakit gogoratuko duzuen, baina garai hartan gure eskualdean arazo itzelak egon ziren. Bi ikastola izan ziren kaltetuak: Gobela Ikastola (gaur egun Betiko Ikastola dena) eta Altzaga Ikastola (gaur egun Altzaga Herri Ikastetxea, nahiz eta eurek esan ikastola direla). Nik Gobela Ikastolako kasua bizi izan nuen, hango ikaslea nintzelako. Batzuk publikoa nahi zuten eta beste batzuk pribatua, nola jarri ados? Hori zen gakoa! Epaitegietara eraman zen kasua eta hainbat buelta eman eta gero ikastola pribatua geratu zen. Zergatik pribatua? Ikastola pribatua betiko ikastola da, gurasoak kudeatuta, irakasleen hitza kontutan hartuz eta garrantzitsuena: ikasleei kalitatezko heziketa bat ematen.
Izena aldatu behar izan genion, Gobela Ikastola kendu (publikoaren aldekoek eraman zuten) eta Betiko Ikastola jarri genion. Zergatik Betiko Ikastola? Sortzaileen esanetan betiko ikastola baten pausuak jarraitzen ditugulako: hezkuntza aniztasuna, euskara bultzatu, hezkuntza ez-sexista, plurala, guraso eta irakasleen parte hartzea... Izen aproposena zen ikastola definitzeko.
Beraz orain badakizue zeintzuk diren ikastolak eta zeintzuk eskolak. Baten batek ez du horrela pentsatuko, baina gauzak horrelakoak dira gustatu edo ez.
Artikulua bukatu baino lehen nire omenalditxoa egin nahi diot pertsona talde bati. Bai zuei, Gobela Ikastola Bizirik taldean ibili zineten guraso eta irakasleei. Zenbat apuru, zenbat negar... baina lortu zenuten! Betiko Ikastola sortu zenuten esfortzu eta lan askorekin. Dena zuen seme-alabengatik eta euskarazko irakaskuntza bultzatzegatik. Orain erronka handi bat daukagu aurretik: Ibilaldia 2004. 1997ko Ibilaldia Beti-betiko euskara bizirik lemapean aurrera atera genuen eta 2004an Alkarregaz heldu-ko gara Ander Deuna Ikastolarekin batera.
Bihotz-bihotzetik zorionak eta nire esker ona ikastolako ikasle ohi bezala Gobela Ikastola Bizirik-entzat. BIBA ZUEK!