Kaleak argi gorriaz zeharkatzeaz - Xabier Kintana / EHUko irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 15a, 20:47

Maiz entzuten da eskolako irakaspenen artean badela bat, behiala oso aintzat hartua izan arren, aspaldian erabat baztertua: gizabideko manerak, ohitura onak eta lagun hurkoarenganako errespetua lantzea. Izan ere, heziera oneko portaera-erregela horiek pertsona gehienoi behintzat, ordu luzeetan ikasi behar genituen errege godoen zerrenda, Erdi Aroko gaztelau idazleen lanak, erro karratuak, logaritmoak, espekulazio filosofikoak eta mekanika kuantikoa baino praktikoago gertatzen zaizkigu eguneroko bizimoduan.

Gure hirietako kaleetan bada aspaldian ohitura txar bat: semaforoak gorri daudenean kaleak zeharkatzea, baina dirudienez horrek ez die buruko min handirik ematen eskoletako irakasleei. Ez diot nik, inoiz, larritasun handiko egoeraren bategatik presa dugunean edo kaleetatik inor ez dabilen goizeko edo gaueko orduetan semaforoen adoratzaile itsuak izan behar dugunik. Kontua ez da hori, arrazoi berezirik gabe semaforoa gorri dagoenean pasatzeko joeraz ari naiz. Eta ez pentsa akats urte gutxiko umegorri edo gaztetxoen kontu hutsa denik, adin guztietako jendeak gauza bera egiten du eta.

Zentzu komunak dioskunez, semaforoak oinezkoen eta autozkoen zirkulazioa ondo antolatu eta kalteak saihesteko jarri dira, eta beraz, hiritar kontzientzia ongi heziak arau horiek errespetatzen ahalegindu beharko luke, baina, zoritxarrez, zentzu komun hori gainerako bost zentzuak baino bakanagoa izaten omen dugu gizakiok

Hor, norbere biziaren arriskuaz gainera, jakina, bada besterik ere: azken segundoan supituki martxa gelditu behar duen automobilistaren segurtasuna eta ondoko gidariek atzetik jotzeko istripu oso posibleak ere bai. Alde horretatik, ez da garbi ulertzen, adibidez, automobilista batek oinezkoen pasabidea semaforo gorriaz igarotzea udaltzainek eta isunez hain gogorki zigortzen duten bitartean, zergatik oinezkoen antzeko arau-hausteok beti inpunitate osoaz uzten diren..

Bada, ordea, arrazoi pisutsuagoa semaforoei kasu egin diezaiegun: haurrei etsenplu ona eman beharra. “Umearen zentzuna etxean entzuna” dio Bizkaiko esaera zaharrak, eta hori gezurra ez bada ere, aitortu beharra dago ez dela egia osoa ere. Oinarrizkoa izaten da, noski, gurasoek beren seme-alabei ohitura onak eta portaera zibilizatuak irakastea, baina ahalegin horiek deus gutxi balio dute gero ondokoek, inguru sozialak, etengabeki kontrako ereduak eskaintzen dihardutenean.

Haurrak eskandalizatzen zituztenengatik hitz gogorrak idatzi ziren Biblian: halakoek hobe luketela errotarri bat lepoan lotu eta beren burua itsasora botatzea. Berba zorrotzegiak, agian. Baina, gurasoen irakaspen zuzenak gogora behera, bere begien aurrean pertsona nagusiak behin eta berriro kalea semaforo gorriaz zeharkatzen ikusi eta haiek imitatzeagatik – txiki orok beti nagusi izan nahi! – halako batean kalea pasa eta automobil baten azpian bizia gal dezaketen haurrez gogoratuko bagina, beharbada ez genioke kondena horri hain gogor iritziko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun