Pezeta jurasikoak - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 16a, 21:38

Konturatu zarete erdarazko komunikabideetan pezetez berba egiten duten bakoitzean, beti “antzinako” edo “lehengo” adjetiboa gehitzen dietela? (Antiguas pesetas da, zehazki, erabiltzen duten esamoldea). Dagoeneko gauzak ordaintzeko balio ez dutela behin eta berriz gogorarazi beharko baligute bezala edo. Baina badago oraindik pezetekin ogia, esnea, kotxe berria edo etxea erosi ezin daitezkeela ez dakienik? Tira, esan dudan azkenekoa, ezta euroekin ere.

Hizkuntzak dauzkan bikote banaezin horietako bat sortzeko bidean daude, Francoren hitzaldi gogaigarriek pertinaz eta sequía elkarrekin eta betiko ezkondu zituzten bezalaxe. Ezin pezetarik aipatu antiguas direla esan barik. Eta nik diot: pesetas bakarrik esanda, ez da ulertzen zertaz ari garen? Pezeta bat ez da beti pezeta bat, legezko balioa eduki ala ez? Pezeta kontzeptua haren erabilgarritasunetik harago doala esango nuke nik. Ez digute etengabean zaharrak direla gogorarazi behar (ez dira horren zaharrak, bestalde) zer diren ulertzeko. Are gehiago, oraindik ere, ahozko tratuak egiten direnean, pezetak erabiltzen dira sarritan, antiguas direla aipatzeko inongo beharrik gabe.

Bestela koherenteak izan daitezela, eta antzinako marabediak esan dezatela (horiek bai antzinakoak), edo antzinako sestertzioak, edo antzinako txakur txikiak… Gainera, zergatik araua monetei bakarrik ezarri? Antzinako dinosaurioez ere berba egin genezake, edota antzinako karabelez, idaz-makinez, zaldi-gurdiez, sakristauez… Honela has liteke La 2eko dokumental bat, esaterako: “Antzinako dinosaurioak bat-batean desagertu ziren eta…” Eta honela albistegietako berri bat: “Antzinako dinosaurioen aztarnak aurkitu dituzte Segovian”.

Vaya semanita-ko horrek dioen bezala, niri ez dit gehiegi axola, baina aipatzearren…
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun