Gazteek alkoholaren arriskuak kontutan izateko, egitasmoa abian dago Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 18a, 22:26

"Euren aisia modu arduratsuan goza dezaten", udalerriko gazteak sentsibilizatzeko egitasmoaren barruan, 14 eta 25 urte bitartekoak bizi diren etxeetara bidaliko du gutuna Berangoko Udalak. Horrela, alkoholaren gehiegizko kontsumoak dakartzan kalteen gainean ohartarazi nahi dituzte gazteak, horrelakorik egitekotan arriskuak kontutan har ditzaten. "Guk kontrolatzen dugu" leloa dauka kanpaina berriak.

Beste alde batetik, horien arteko gehiegizko alkohol kontsumoak gainontzeko auzotarrengan sortzen duen ezinegonaren jakitun egin nahi dituzte gazteak. Ildo horretan, "alde guztien artean ados jarriz, arazoari irtenbideak aurkitu" dakizkiokeela adierazi du Miren Dobaran alkateak, "beti ere mugak argi badaude eta norbanakoaren intimitatea errespetatzen bada".

Gutunarekin batera, egutegi bat jasoko dute gazteek, non, lagunen bat "mozkorturik" badago, baliagarriak izan daitezkeen aholkuak eta telefono zenbakiak (Larrialdietako Osasun Zerbitzua, Taxia, Drogomenpekotasunen gaineko zerbitzuak...) aurkituko dituzten. Guztira, 810 egutegi banatuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun