Hitzarmenak euskararen normalizazioa sustatu eta eremu juridikoan bere erabilera erraztu nahi du, lege-testuak euskaratuz. Azkarragak eta Monterok gaur aurkeztu dute akordioa Donostian.
EHUko Zuzenbideko irakasleek eta Euskara Zerbitzuko hizkuntzalariek osaturiko mintegian egingo dira itzulpenak. Horrela, Jabego Horizontala, Askatasun Sindikala, Jabego Intelektuala eta Lan-Prozedura bezalako legeak, eta Europako Konstituzioaren proiektua euskaratuko ditu mintegi honek.
"Justiziaren eremuan hizkuntz normalizazioaren prozesua dinamizatu eta sendotzeko beharrezkoak diren ahaleginen aldeko apustua" azaldu du Azkarragak. "Pausuak eman dira, baina oraindik asko dago egiteko", gaineratu du.
Ildo berean, "Justizian eragiten duten eta euskal Administrazioarenak ez diren eskuduntza-eremuen ugaritasunak" hizkuntz normalizazioa "moteldu" duela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, eta horregatik, "ahalegina bikoiztea" beharrezkoa dela nabarmendu du.
Epaileak
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak martxan jarritako ekimenen artean, 1998an sorturiko Erakundeen arteko Batzordean eginiko eztabaidak eta lanak, eta euskararen erabileraren normalizazioaren inguruan CGPJk eta Eusko Jaurlaritzak 1999an sinaturiko lankidetza-hitzarmena nabarmendu ditu Azkarragak. Halaber, "euskararen erabileraren esperientzien hedapena, eta Justizia Administrazioko langileen artean euskalduntze mailen finkapena" ere aipatu ditu.
Azkenik, Justizia Administrazioko mila bat funtzionario eta karrera judizialeko beste 24 kide (16 epaile eta gainontzekoak fiskalak eta idazkariak) bere sailak sustaturiko euskara ikastaroetan parte hartzen ari direla gogoratu du.