Getxo Biziak Lurralde Plan Partzialari 13 alegazio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 18a, 22:28

Berriki Bilbo Metropoliaren Lurralde Plan Partzialaren hasierako onespenari alegazioak aurkezteko epea bukatu da. Bizkaiko aldundiak ezker abertzalea instituzioetatik kanporatua dagoen unea baliatu du, Bilbo eta inguruko eskualdeen etorkizuna zehazten duen lurralde antolamendu plangintza tramitatzeko. Euroa zela eta ez zela ekuazio sinple bat zabaltzeko milaka eskuorri, iragarki eta kanpainarekin bonbardatu bagintuzten, oraingoan ez diputazioak ez udalek, ez dute LPP-PTP ezagutarazteko eta etorkizunari buruzko eztabaida zabaltzeko ezelako bitartekorik jarri.

Edukinei begira plan honek garraio kolektiboaz, lur zoruaren erabilera desberdinen arteko orekaz eta garapen eramangarriaz hitz egiten digun bitartean, proposamen zehatzetan guztiz kontrakoa egiten du eta neoliberalismoaren hazkunde eredua dakarkigu berriz ere.

Uribe Kosta eta Getxon egun pairatzen dugun erabilera erresidentzialaren aldeko desoreka, are nabarmenagoa da LPPk metroaren 1. linea aitzakiatzat hartuta egiten duen hazkunde diseinuan. Eta hazkunde hau, nola ez, errepide berriak jarriz egituratzen da, kostaldeko ardatz berria barne.

Indarrean dauden hiri plangintzetan eremu zabalak dentsitate baxuan urbanizatzea aurreikusten da. Dentsitate baxuaren eredua urtetan zehar kritikatua izan ondoren, LPPk dentsitate altuagoak proposatzen ditu, baina urbanizatzekoak diren eremuak murriztu ordez, are gehiago zabaltzen ditu. Gure iritziz dentsitate handiagoaren ondorio zuzena lur kolonizazioak murrizteak izan behar du.

Gainera LPP honen azterketa demografikoetan aitortzen den bezala, migrazioak ere kontutan hartuta ez dago populazioa handitzeko joerarik. EUSTAT-en arabera Getxon 3.779 etxebizitza daude hutsik. Etxeak egon badaude, baina jende gehienak ezin ditu hauen prezioak ordaindu. Etxebizitza eskubidea gauzatzearen aldeko politika eraginkorrak behar ditugu.

Bitartean harrituta ikusi dugu azken asteotan Ezker Batuak bere egin duela hazkunde neurrigabearen eredua. Urtarrileko udal batzarrean, `Hormigoia Mugarik Gabe´ saria eman genion Urkiza zinegotziari.

Getxo Biziaren 13 alegazioak gure web-orrian daude, .

Pili Askorbebeitia, Getxo Bizia plataformako udal hautetsia.

Getxon, 2004ko otsailaren 18an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun