Ostiralean 2.900 umek eta gaztek parte hartuko dute Getxoko eskola inauterietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 19a, 21:13

Kalejira antolatu dute gauean Algortako kultur taldeek

Ostailaren 20an (bihar), goizean goiz, inauterien xarmaz beteko dituzte kaleak Getxoko eskola-umeek. Kolorez beteriko mozorroen bidez, alaitasuna ekartzeko asmoz, 2.900 haur eta gazte inguruk parte hartuko dute, udalerrian zehar antolatu diren bi ibilbideetan. Erromo eta Aretako kalejira 10:15ean abiatuko da; Getxo eta Algortakoa, berriz, 10:30ean. Umeei zuzendutako berbenak eta jaiak egongo dira bi ibilbideen bukaeran.

Goizeko 10:15ean Erromoko eta Areetako ibilbidea hasiko da. Gutxi gora behera, auzo hauetako ikastetxeetako 1.200 ikasle parte hartuko dute. Luis Lopez de Oses kaletik abiatu, Gobelaurre, Kresaltxu eta Ezequiel Agirre kaleetatik jarraitu eta Erromoko ikastetxe publikoan amaituko da kalejira. Bertan, fanfarria, txokolatada eta animazio talde batek eskainitako berbenaz gozatzeko aukera izango dute haurrek.

10:30etik aurrera, berriz, Getxotik eta Algortatik egingo den kalejiran 1.700 umek parte hartuko dute. Sarrikobasoko errotondatik abiatu, Algortako etorbidetik eta Maria Andresena kaletik pasatu eta Algortako geltokiaren plazan amaituko da. Bertan fanfarria baten musika egongo da entzungai 8-11 urteko umeentzat. Txikientzako esparrua Bihotz Alai plazan kokatuko da.

Guztiok mozorroturik!

Gau partean helduagoak direnentzako ordua helduko da. Izan ere, 20:00etatik aurrera, Inauteri Kalejira antolatu dute Algortan auzoko hainbat kultur taldek (Gorrondatxe Kultur Elkartea, ALBE Algortako Bertso Eskola, Itxartu Taldea). Telletxe plazatik abiatuta, trikitixa, txistu, alboka, pandero, gaita... doinu, dantza eta kantekin beteko dituzte Torrene eta Algortako Etorbidea, Sarrikobaso kalean tabernaz-taberna poteoan joateko.

Otsailaren 21ean (larunbata), berriz, euskal dantzak eskainiko ditu, 17:30etik aurrera,
Agurra Dantza Taldeak. Sarrikobaso kalean hasi eta Algortan zehar izango da kalejira, eta ondoren dantzaldia Telletxen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun