Otsailaren 21ean (larunbata), berriz, haurrentzako animazioa egongo da karpan, 18:30etik aurrera, sarrera dohanik. Eta hurrengo egunean, Uribe-bazterra musika bandari egokituko zaio eguna alaitzea, ordu berean. Honetan ere udaletxeko karpan sartzea musutruk izango da.
Otsailak 24an (asteartea), goizeko 11:00etatik 14:00etara, tailerrak egongo dira txikientzat, eta ipuin kontalaria entzun ahal izango dute, 12:00etan. Arratsaldean, berriz, 17:30etatik aurrera izango dira haurrentzako tailerrak, mozorroen lehiaketarekin bukatzeko, 19:00etan. Honetan parte hartzeko arauak hall-kulturalean egongo dira, baina izen ematea hil honen 24ko 18:30ak baino lehen egin beharko da.
Egitarauari amaiera emateko, otsailaren 29an, Berangoko Simon Otxandategi dantza taldeak Maskarada lana eskainiko du goizeko 12:30ean hasita. Ekitaldi hau ere dohainik izango da.
