Nazio arazoa
Horrelako gertaerak (itzultzailearen inposaketa, euskara erabiltzearen ukapena, itzulpengintza kostuak epaituari kobratu nahi izana...) ez dira soilik Gernikan izaten, 2003ko maiatzaren 7an EHEk eta hainbat kaltetuk aurkeztutako Euskaldunoi justizia zor zaigu dokumentuan oinarrituta zabaldutako justizia erdaldunak sorturiko kaltetuen zerrendako kideok arazoak izan ditugu Baionan, Gasteizen, Iruñean, Getxon, Bilbon eta Gernikan. Era berean, badakigu kasu gehiago daudela Bergaran eta Donostian, beste herri batzuk aipatzearren. Hortaz, Euskal Herria zatitzen duten administrazioetako justizia sistema guztietan (EAEn, Nafarroako erkidego foralean, Ipar Euskal Herrian eta, zer esanik ez, Trebiñun zein Trutziozen) arazo berbera dago.
Euskaldunoi justizia zor zaigu dokumentuan jaso genuen bezala, Euskal Herriaren justizia administrazioen luze zabalean nozitzen ari da arazoa. Komunikabideetan berriz, isiltzen ez den kasuetan agerpen isolatuak bailiran aurkezten dira. Eta guretzat, (...) herrialde ezberdinetan iturburu berberetik datozkigun ondorioez ari gara. Euskaldunok justizia administrazioetan ez ditugu gure hizkuntza eskubideak erdaldunen pareko. Gehienez, atzerritar bagina bezala hartuak garelarik.
Justiziak sorturiko kaltetuen zerrenda
Agerpen isolatuen isla ez izateko, zerrenda abiatu genuen kaltetu guztiak batzeko asmoz. Orain arte 51 herritarrek eta 6 abokatuk eman dute izena zerrendan baina badakigu askoz gehiago direla. Eta oso garrantzitsua da herriari, gizarteari, eragile soziopolitikoei eta administrazioei irudi osoa ematea. Horregatik, e-posta bat zabaldu dugu nahi baduzu galderak egin ditzazun eta, bidaliko dizugun dokumentua irakurri ostean, nahi izatekotan zerrendan sartzeko. E-posta honakoa da: justiziazerrenda@euskalerria.org
Era berean, otsailaren 28an Gernikan eta Bergaran Justizia Administrazioak euskalduntzeko burutuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia egiten dizugu.
Eta ez ahaztu, aratuste hauetan joan zaitezke epailez mozorrotuta, baina haiek, sasi-epaile erdaldunak, urte osoan zehar doaz mozorrotuta, euskaldunontzat momentuz ez baitago juztiziarik.
Mariñe Kamiruaga Garitaonandia eta Iñigo Fernandez de Martikorena Rodriguez
(Gernikan gose greban dauden justiziako kaltetuak)