ETAri laguntzea egotzi die Zarraoa eta IU-EBri Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 23a, 23:06

Senideak kartzelan edukitzeak sortzen dizkien gastuak ordaindu ahal izateko, herriko presoen familiarrei ematen zaizkien dirulaguntzen bitartez, "zeharka bada ere, ETAri laguntzea" leporatu die Iñaki Zarraoa alkateari eta IU-EBri, Luis Almansa Getxoko PSE-EEko bozeramaleak.

1999tik hona, "inolako kontrol eta egiaztagiririk gabe" ematen dira dirulaguntza horiek, Almansak salatu duenez. Hori dela eta, "ondasun publikoen bidegabeko eralketa" egiten ari daitezkeela uste du sozialisten bozeramaleak. Ildo berean, 2003an Udalak ia 21.000 euroko laguntzak eman dituela gaineratu du, "horietatik batzuk 5.000 eurokoak izan direlarik". "Agiririk ez badago, nork ziurtatzen digu guri diru hori ez dela hilketak egiteko erabiltzen?", adierazi du Almansak.

Zinegotziaren ustez, "terrorismoaren biktimei monumentua egiteari edota Getxon ETAk hildako 16 lagunak herriko seme izendatzeari emandako ezezkoa kontutan izanda, Zarraoa biktimekin baino hiltzaileen alde dagoela adierazten du jokabide honek". Are gehiago, lan horretan "alkateari laguntza ematea" egotzi die IU-EBko kideei.

Azkenik, "gauzak berriro pentsatzea eta Udala bakea eta demokraziaren zerbitzura" jartzea eskatu die Zarraoa eta IU-EBri. Halaber, "udal erakundea alderdikeriaz erabili beharrean, terrorismoaren biktimak kontutan edukita gobernatu beharko luketela" adierazi du Almansak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun