"Politika ustela" egitea leporatu die PP eta PSE-EEko zinegotziei Getxoko IU-EBk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 24a, 00:04

"Probetxua ateratzeko gezurra" esatearekin batera, "politika ustela" egitea eta "terrorismoaren biktimen mina eta sufrimenduaren ikuspegi merkantilista" izatea egotzi die PP eta PSE-EEko zinegotziei Getxoko IU-EBk. Gaur kaleratutako prentsa oharraren bidez, bi alderdiek egindako kritikei erantzun nahi izan die Iñaki Urkiza zinegotziak. Izan ere, presoen familiarrek jasotzen dituzten dirulaguntzen bitartez, "zeharka ETAri laguntzea" leporatu diete Iñaki Zarraoa alkateari eta IU-EBri.

Iñaki Urkiza Getxoko IU-EBko bozeramaleak adierazi duenez, "botuak lortu nahian, terrorismoaren biktimekin jokatzen ari dira PP eta PSE-EE". "Inolako bereizketarik gabeko laguntzak dira Getxoko Udalak presoen familiarrei ematen dizkienak, hura terrorismoagatik edo beste gauza batengatik kondenatuta egon. Ez dira bereziki ETAko presoentzat bakarrik", argitu du.

Atentatuen biktimentzako hori baino "dirulaguntza askoz handiagoa" eman du Udalak, Urkizaren hitzetan, 240.000 euro inguru. "Eta IU-EBk ez dio inoiz terrorismoaren biktimen omenezko monumentua egiteari ezezkorik eman", gaineratu du. Ildo honetan, ETAk Getxon hildakoak herriko seme izendatzeko, PPk egindako eskaeraren aurka bozkatu zutela adierazi du zinegotziak, "GALek, errepresio frankistak edota talde ultraeskuindarrek hildakoak kontutan hartzen ez zituelako".

Popularrek eta sozialistek botatako "gezurrak larriak" jo ditu Inaki Urkizak eta "terrorismoaren biktimen mina eta sufrimenduaren ikuspegi merkantilista" izatea leporatu die, bi alderdiei "hauek politikoki ez erabiltzeko" eskatzearekin batera.
"Lotsagarria da hauteskunde aurreko garaietan PPk eta PSE-EEk, biktimen mina hobeto nork errentabilizatzen duen aritzea. Horrek izen bakarra dauka: politika ustela", gaineratu du.

Azkenik, "demokrazia eta bakearen alde egotea, biktima guztien zerbitzura egotea" dela adierazi du Urkizak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun