Antza denez, inauterien esanahia aldatzen joan da urteekin batera. Egin dezagun historia apur bat:
Hasiera batetan, gaur udaberria den garaian ospatzen ziren inauteriak, urte berriari harrera egiteko asmoarekin. Urte zaharraren gaitzak garbitzeko Olentzero, Miel Otxin, Zanpantzar... eta beste hainbat pertsonai erre egiten ziren.
Erdi Aroa heldu zen eta honekin batera, elizaren indartzea. Garai honetan, aratusteak garizuma aurretik ospatzera pasa ziren. Une hau era guztietako penitentzi, sakrifizio, zigor eta barauz osatuta zegoen (aratusteak = haragi uztea diotenak ere badaude).Eta inauteriak izaten ziren baraualdiari aurre egiteko prestaketa unea. Data aldatzearekin batera, inauteriak berak ere aldatu zituen elizak, ez baitzituzten begi onez ikusten.
Ondoren, Francoren diktadura garaian, aratusteen ospakizuna debekatu egin zen, ohitura zahar askoren gainbehera ekarriz.
1975. urtetik gaur arte, ia galduta zeuden inauteri zahar asko berreskuratzen hasi dira.
Baina nola ospatzen ditugu gaur inauteriak?
Batzuk, hiriko inauteri modernoak baino ez dira. Hiri giroko inauterietan mozorroek hartzen dute pisurik handiena. Gaur gaurko mozorroak izaten dira aukeratuenak eta parranda izan ohi da jaiaren helburua. Ez gara kontsumismoan murgildutako inauteri batzuk ospatzen arituko, ezta?
Beste batzuk, ordea, nekazal girokoak batez ere, aspaldiko elementu sinbolikoa gorde duten inauteri folkloriko moduan ospatzen dira. Hala ere, azken bolada honetan, bisitariz josten dira eta ikuskizun soil bihurtzeko arriskuan daudela uste dut.
Ikusi antzera, denboran zehar inauteri egun hauen zentzua eraldatu egin da. Hala ere, inauteriak, ikuskizun arrunt bihurtuko ez direnaren esperantza gordeko dut eta kontsumorako beste aukera bat izan ez daitezen nahiko nuke.
Ez da beranduegi izango, ezta?