Getxon dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeak 50 bat dira guztira, baina, oraingo honetan, hitzarmenaren bitartez laguntza jaso ohi duten erakundeen artean bakarrik, banatuko dute onartutako diru kopurua. "Boluntariotzaren eremuan eta bestelako esparruetan, hala nola, haurtzaroa eta familia, emakumea, hirugarren adina, minusbaliotasunak, drogomenpekotasuna eta hezkuntza, herrian egiten den lan garrantzitsuaren islada da Getxon dauden erakundeen kopurua ", Iñaki Zarraoa alkateak aditzera eman duenez.
Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan diharduten erakundeei dagokienez, euren artean 137.000tik gora euro banatuko dute. Uribe Kostako Adimen Urrikoen Aldeko Elkartea da diru gehien hartuko duena, 50.000 euro guztira; honen atzean Gurutze Gorria (elbarrituak garraiotzeko programa) 37.000 euro jasoko ditu. Gainontzekoa Apnabi, Bizkel, Cáritas, Down Sindromearen Aldeko Fundazioa, Getxoko Andra Mari Nagusien Elkartea-Urtealaiak, Gizatiar, Ibar-Nagusien Etxea eta Fegevol, Boluntariotzaren Getxoko Federakuntza sortu berriaren artean banatuko da.
Beste alde batetik, drogomenpekotasunen prebentzioaren alorrean lanean diharduten 5 elkarteren artean 42.000 euro banatuko dira. Laguntzarik handiena, 17.000 euro baino zertxobait gehiago, Gizakia Fundazioko Hirustarentzat izango da, eta Etorkintzak 12.000 euro jasoko ditu. Elkargarrik, Fapag-Getxoko Ikasleen Gurasoen Elkarteen Federazioak eta El Pupitrek, guztiak irakaskuntza alorrekoak, hartuko dute gainontzekoa.