Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, dagoeneko "erreferentzia" bat da, euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela eskatzeko, hilero, azken ostiraletan egiten den elkarretaratzea. Denon Artean Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean, "herriko sektore guztien adierazpenaren bilgunea" izan nahi du. Izan ere, amnistiaren aldeko mugimenduko kideen ustez, "ez dago aitzakirik aldarrikapen hau ez babesteko, Getxon 14 preso ditugunean, eta presoak Euskal Herrian biltzeak gatazkaren konponbidean aurrera egitea denean".
"Euskal Preso Politikoak Euskal Herrian behar dute izan, Euskal Herriko prozesu politikoan presente izan nahi dutelako, Irlandan preso errepublikarren presentziak erabateko garrantzia izan zuen bezala", gaineratu dute.
Taloak Amnistia Tabernan
Ostiral honetan (otsailak 27) talo goxoak egongo dira salgai, 20:00etatik aurrera, Algortako Sarrikobaso kalean dagoen Amnistia Tabernan. Eta larunbatean ere (otsailak 28), aratusteak direla eta. Gainera, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek adierazi dutenez, "jende guztiak dio onenak direla". Izan ere, elkartasuna bideratzeko modu asko daudela ulertzera eman nahi dute horrelako ekimenen bidez. "Ondo pasatzea ez da elkartasunaren oztopo izan behar", gaineratu dute.
Horretaz gain, egun hauetan eta sari guztiak agortu artean, amnistiaren aldeko tonbola bat jarrita dago Sarrikobaso kaleko tabernan. "Euro baten truke sari ugari eskura ditzakezu. Baina garrantzitsua hauxe da: tonbola honek beti daukala saria: elkartasuna", eman dute aditzera.