Errektore izateko hautagaitzak aurkezteko epea bihar bukatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 26a, 22:53

EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeetara, hautagaitzak aurkezteko epea bihar bukatuko da, arratsaldeko 13,00etan. Hautagaiek, izena, hauteskunde-programa eta gobernu taldearen egitura aurkeztu behar dute, gutxienez Klaustroko kideen ehuneko hamarrak sinaturiko bermeaz gain.

Hautagaitzen izendapen ofizialaren ondoren (martxoaren 4an), eta bozkaketa eguna baino 24 ordu lehenagora arte, hala nahi duten hautagaiek kanpaina egin ahal izango dute. Horretarako ekitaldietarako behar dituzten lokalak emango die EHUk, eta gobernu-programa zabaltzeko eginiko gastua 10 mila eurorekin diruz lagunduko du, gastuak justifikatzen duten faktura aurkeztuz.

Gainera, iragarki-taula ofizialak jarriko dira zentro guztietan propaganda jartzeko, eta webgunearen bitarteko beste taula bat ere egongo da. Bestalde, EHUko Errektoretzat kanpaina bat egingo du, "Zuk erabaki. Bozkatu" lelopean. Izan ere, hauteskunde hauetan prozedura berria jarriko da: lehendabiziko aldiz, boto zuzena emateko aukera izango dute unibertsitateko komunitateko kide guztiek.

Beste alde batetik, martxoaren 12an, Klaustroak ezohizko bilera egingo du, hautagaiek euren programak aurkez ditzaten eta Klaustroko kideen galderei erantzun diezaieten.

Orain arte, Juan Ignacio Perez Animali Biologiako doktoreak eta Zientzia katedradunak; Javier Muniozguren Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak; Marisol Esteban Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko katedradunak; Francisco Doñate Soziologiako katedradunak; Iñaki Antigüedad Geologiako katedradunak; eta Antonio Rivera Historia Garaikidearen katedradunak eta Arabako campuseko egungo errektoreordeak aurkeztu dituzte hautagaitzak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun