Txizaren aurkako legea onartua Bilbon - J.N. "Nafa" / ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 26a, 23:03

Bilboko Udalak onartu berri du txizaren aurkako legea, zalantzarik gabe Bilboko herritarren etsai nagusia dena (eman zaion garrantzia kontuan harturik); kalean pixa egiten dutenei gutxienez 750 eurotako isuna ezarriko zaielarik.

Albistea irakurriz gero, pentsa dezakegu jendeak nahi duelako egiten duela txiza Bilbon, hobby antzeko bat edo, ia nork egiten duen ibilbiderik luzeena… baina errealitatea da hiriburuan (eta Bizkaiko herri gehieneta) ez dagoela egun bainu publikorik.

Txizagura izatekotan, edo parke batetan egin edo bestela taberna batetara joan behar duzu. Hau bai albiste ona tabernarientzat! Euren tabernak jendez gainezka egongo dira, baina ez kontsumitzeko irrikan, pixa egiteko gogoarekin baizik. Tabernak ezin dira izan Bilboko edo bestelako herrien bainu publikoak. Beraz, ez badugu txiza egiteko leku aproposik, zer egin?

Gutxienez, lortutako diruarekin bainu publikoak jarriko balituzte… baina itsusiak eta antiestetikoak direla diote. Ba egin ditzatela Guggenheim formako komunak ta listo!

Dirudienez, Bilboko Udalak uste du isun horiekin jendeak kalean pixa egiteari utzi egingo diola, baina ez dute ulertzen, edo ez dute ulertu nahi, ez daukagula beste alternatibarik. Merkeagoa da 750 eurotako isuna ordaintzea maskuri berria baino.

Gainera, denda gehienak komunak izatera behartzen baldin badituzte, ez dut ulertzen nolatan metroak ez dituen oraindik arri. Zenbaitetan, bidaiak luzeak bihur daitezke eta txizagura izatekotan ezin duzu txiza egin (eta gauza bera mareoa izatekotan). Irtenbide bakarra metro zein geltokitik irtetzea da. Eta gero zer? Taberna batetan sartu produktu merkeena erosiz komunera joan ahal izateko? Europako metrorik garbiena izango da , baina praktikoena…

Ondorioz, espero dezagun Uribe Kostako herriek Bilboko eredua jarrai ez dezatela, ezin baita debekuak ezarri konponbiderik bilatu ezean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun