Erandioko Udala, lehenengo 33 erakunde horien artean dago, eta prest du, beraz, 2004-2007 urtealdirako plan estrategikoa. Erandioko EBPNan lehenetsi diren alorrak honako hauek dira: helburu estrategikoa garatzeko egitarau zehatzak eratzea eskolaz eskola; Udal Musika Eskolaren normalkuntza plana diseinatu eta inplementatu eta helburu zehatzei erantzuteko ikastaroak antolatu; eta hasierako mailatik bukaerarainoko ikasketa-prozesu osoa hitzartu gizarteko hainbat eragile eta talderekin.
Halaber, indarra egin nahi dute gazteengan, bikote-hizkuntza finkatzeari begira; eta familia osatu berriengan, haurraren lehen hizkuntza ziurtatzeko. Beste alde batetik, helburu estrategikoa garatzeko, erabilerari begira, euskara administrazioan zerbitzu-hizkuntza izatea bermatzea aurreikusten du planak.
Era berean, lan-hizkuntza ere izan dadin, egitasmoak jarriko dira martxan; aisialdian lanean diharduten taldeekin plangintza zehatzak egingo dira, begiraleen hizkuntza-trebakuntza antolatzeko eta aisialdiko ekintzetan euskararen erabilera areagotzeko neurri zehatzak eta egokiak har ditzaten uneoro.
Kirol-arloa euskalduntzeko plan estrategikoan, lan-esparru nagusiak taxutuko dira eta, euskararen kalitateari begira, hizkuntza-aniztasuna ugaldu eta txukundu eta berbazko euskal kultur produkzioak landuko dira.