Antolatzaileek partehartzaile kopuru handia batzea espero dute, adin guztietako lagunentzako zabalik dagoen lasterketan. Hiru euroko izenematearen bitartez, ongizate gaietarako dirutza biltzea da helburua. "Orain arte, 1.000 bizkarreko saldu dira, baina horrek ez du esan nahi lasterketan horrenbeste korrikalarik parte hartuko dutenik. Izan ere, helburua elkartasuna izanik, batzuk dirua ematen dute bakarrik, korrikaldiari muzin eginez. Edonola ere, 300 bat lagun espero ditugu", Dimas Ramos Getxoko Atletismo Taldeko buru denak lasterketaren aurkezpen ekitaldian zehaztu zuenez.
Talde horretako Manu Torralba atleta ere egon zen aurkezpen ekitaldian. Tindouf-eko iheslarien eremuetan egindako III Saharako Alkartasun Maratoian parte hartu zuen iaz berak, eta deia egiten die herritarrei, lasterketara joan daitezen, "ibilbidea era guztietako jendearentzat egokia baita". Bihar eman ahal izango da izena Bizkaiko Zubian bertan.
Bildutako diruaren Sahararako elikagaiak erosiko dira eta ATFAL Elkartea eta Getxoko Udala bera arduratuko dira haraino garraiotzeaz.