Modu autoritarioan jokatzea egotzi dio alkateari Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 1a, 21:55

Javier Ruiz Erandioko PPko bozeramaileak salatu duenez, Mikel Arieta alkateak (EAJ) oposizioko alderdiek aurkeztutako mozioak eta proposamenak ez ditu eztabaidatzen uzten. "Alkate lana egin beharrean, alkaidetzat jokatzen du", adierazi du prentsa ohar bidez.

Azterketa garaian ikasketa gelak zabaltzea edo 0 eta 3 urte bitarteko umeen hezkuntza zikloa dago, Ruizen esanetan, "debatitu gabe geratu diren proposamen interesgarrien artean". Hori dela eta, "alkatearen jokabide antidemokratikoa agerian" dagoela dio zinegotziak, "gehiengo absolutua zapaltzeko erabiltzen duelako". "Mozioak ez dira eguneko gai zerrendan jartzen, beraz, ezin dira eztabaidatu", gaineratu du Erandioko PPko bozeramaileak.

"Alkateak ez du bere hitza bete. Gutxienez, Bozeramaileen Batzan debatituko zirela hitz eman zuen, eta horretan ere ez dira eztabaidatzen", azaldu du Ruizek.

Horretaz gain, oposizioko alderdien kexuen aurrean, "Legediak agindutako mozioak baino ez direla eztabaidatuko" adierazi omen du Arietak, zinegotzi popularraren hitzetan, hau da, zinegotzien laurdenak eskatutakoak. "Alkatearen jokaera harroputza eta autoritarioa agerian geratu da", adierazi du Ruizek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun