Ibilaldia 2004k badauka abestia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 2a, 20:59

Ibilaldia 2004ko abesti ofiziala izango denaren aurkezpena hartu zuen, pasa den ostiralean, Bilboko Kafe Antzokiak. Maiatzaren 30an ospatuko da Bizkaiko ikastolen jaia Leioan, udalerri horretako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek antolatuta. Hain zuzen ere, bi zentro horien arteko elkarlana nabarmendu nahian, Ibilaldi 2004ko leloarekin bat eginez, "Alkarregaz heldu" izenburua jarri nahi izan diote kantari. Guzti hori helburu amankomun batzuei jarraituz, ikastola eredua ezagutaraztea eta zabaltzea eta euskal kultura eta euskararen sustapenean laguntzea, alegia.

Ibilaldia 2004ko kantan, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deunako ikastoletako kideek hartu dute parte: aita batek, ikasle ohi bik, hainbat irakaslek, umeek... Bizpahiru belaunaldi eta estilo zeharo desberdinak nahastu dira kantan, eta denon artean abesti majo bat prestatu.

Besteak beste, Fredi Paia Ander Deunako ikasle ohia izan da letraren egilea. Bere gaztetasuna ez da izan oztopo, 22 urteko Algortako semea bertsotan trebea dela egiaztatu ahal izateko; 2002ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan hirugarrena izan zen.

Kantaren aurkezpenean Paiak adierazi zuenez, "ilusio handiz" hartu zuen enkargua, bide batez, "ikastolen proiektuan sinisten" duelako. "Abesteko erraza da letra. Gainera, gure eskualdean izanik, Uribe Kostako toponimo eta azpieuskalkiari tokia eman nahi izan diot", gaineratu zuen.

Xabier Aburruzaga Ezkerraldeko trikitrilaria arduratu da musika egiteaz. "Nahiz eta ni folkean ari, estilo anitz aurki daitezke abestian. Izan ere, musika munduan estilo zeharo ezberdinetan jarduten dugun lagunok elkartu gara, egitasmo oso interesgarria aurrera ateratzeko", adierazi zuen.

Eñaut Elorrieta Betikoko ikasle ohia eta Ken Zazpi taldeko abeslariak; Afrika Bibang, besteak beste, Etsaiak taldean eta Fermin Muguruzarekin kantatzen ibilitakoak eta Roberto Mozo Zarama taldeko abeslaria eta Ander Deunako bi ikasleen aitak jarri dituzte ahotsak.

Abestia, otsailaren lehenengo astean grabatu zen Elkarrek Donostian daukan estudioetan, eta salgai dago jada.

Ibilkanta entzun (mp3)

Alkarregaz heldu

Ahate oinak taularen gainean
ule luze beilegia olatuen artean
itsosoak Barinatxen jotzean
euskara daroa bitsean.

Urrezko orraziaren dizdira
lamine dau urezko ispiluari begira
Ibaizabaletik Kantaurira
Ibilaldira!, Ibilaldira!!

Itsosoak olatuak dakarz
Belaunaldiz belaunaldi herri honek euskaraz
Kantu, dantza, barre eta jolas
Heldu alkarregaz, heldu alkarregaz.

(leloa)
Bizkaiko ikastolen jaialdian
Ander Deuna ta Betiko abian
Alkarregaz heldu ibilaldian
Gure berbak aurrerantza dagian

Itsosotik salto hondartzara
Labarretik gora doaz Lamine eta euskara
Itsasgora datorren erara
Olatuetatik plazara.

Plaza jendez beteten hasi da
Sokorrua zabaldu da euskaldunon herrira
Santa Mariñetik Kurkudira
Ibilaldira! Ibilaldira!!

(leloa)
Bizkaiko ikastolen jaialdian
Ander Deuna ta Betiko abian
Alkarregaz heldu ibilaldian
Gure berbak aurrerantza dagian
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun