Udalbiltzak 2002ko abenduan Donostian antolatu zuen Nazioarteko Konferentzian ikusi eta entzun ahal izan genuen bezala, autodeterminazioa herrien arteko errespetua eta elkarbizitza eraikitzeko oinarrizko eskubidea da eta gatazka egoerak konpontzeko oinarrizko tresna eta irtenbidea.
Zenbait hamarkadatan zehar estatu bakarra osatu zuten Txekia eta Eslovakia aparteko arazorik gabe banatu ziren 1.992an eta laster Europear Komunitatearen baitan egon daitezke.
Irlandak 1.922an lortu zuen bere independentzia, baina irlaren zati bat britainiarren menpe dago gaur egun oraindik ere. Bertakoen eta kolono britainiarren arteko gatazka luze eta odoltsua beste parametro batzuetan ari da bideratzen, oztopoak oztopo, azken urteotan.
Mendebaldeko Saharak ezagutua du nazioarte mailan, UNO-k ezagutua gainera, autodeterminazio eskubidea. Estatu askok ere estatu gisa errekonozitzen dute Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, baina autodeterminazio erreferenduma atzeratzen eta atzeratzen ari da. Benetako irtenbide demokratikorik gabe, etorkizunik ba al du Saharako Herriak?
Herrien prozesu konstituziogileetan autodeterminazioa ez da alderdi honek eta besteak hauteskunde programan x-garren tokian ezta lehentasun gisa agertzeko beste puntu bat. Autodeterminazioa, benetan eta zintzoki herria eraiki nahi duten indarren arteko ezinbesteko baterakuntza da. Ezein programa politikoren aurreko bilgunea.
Martxoaren 14n euskaldunok menpe gaituen estatuetako batek bere parlamentua osatzeko hauteskundeetara deitu digunean, Ezker Abertzaleak Madrilera Hego Euskal Herriko enbaxadore taldea bidaltzeko proposamena egin du. Zoritxarrez ezinbesteko baterakuntza osatzeko aukera bat galdu da, baina gehiago etortzea guztion esku dago. Determinazioa, erabakitasuna da behar duguna.
Euskaldunok izan bagarela eta izate hori konplexurik gabe egituratzeko garaia iritsi dela pentsatzen dugunok aukera egina dugu jada. Autodeterminazioaren aldeko boto-papera hauteskunde hauek antolatu dituztenentzat mezurik argiena izateaz gain, hurrengo aukera irekitzeko, askatasunaren bidea irekitzeko ekimen kolektibo, desobediente eta eraikitzaile erabakiorra izango da.