Getxo da, hain zuzen ere, "biztanleria eta udal aurrekontuagatik, zerbitzu hori bereganatu dezakeen Bizkaiko udalerri bakarra, Donostiak egiten duen antzera. Aldundiaren ustez ere Getxok hobe koordinatu litzake udalerrian diren garbiketa eta zaintza zerbitzu ezberdinak", alkateak aipatu duenez.
Hortaz, apiriletik aurrera eta datozen urteetan, Areeta, Ereaga, Arrigunaga eta Azkorri-Gorrondatxe hondartzetako eta bertako instalakuntzetako garbiketa eta zaintza lanen ardura hartuko du Udalak. Hitzarmenak kanpoan uzten du Barinatxeko hondartza, honen zati bat Sopelanako udalerri barruan dagoelako. "Horrek garbiketa lanen koordinazioa oztopatuko luke", Zarraoaren hitzetan. Izan ere, foru erakundearen esku dago Barinatxeko Sopelanako zatiko garbiketa.
Lana aurrera eramateko, Gobernu Batzordeak eskaria egingo dio hurrengo osoko udalbatzari, herriko garbiketaz arduratzen den CESPArekin kontratua zabaltzeko, enpresa horrek hondartzetako garbiketa eta zaintza lanak ere har ditzan.
Udalak 13, milioi euro jasoko ditu Aldundiaren eskutik, foru iturri zenbaiten arabera, eta kopuru hori urtez urte banatuko da 2007 urtera arte. Beraz, zerbitzuak ez du inolako kosturik ekarriko udal diru-kutxara, Zarraoaren arabera. 2004 urterako bideratutako diru-kopurua 278.500 eurokoa da.
Areetako hondartzan hesi mugikorra jarriko da
Beste alde batetik, alkateak gaur bertan aurreratu duenez, Udalak hesi mugikor bat jartzeko asmoa du laster Areetako hondartzan, ur azaletik datozen hondakinak hondartzan sartzen utzi ez eta bertan bainatzea ahalbidetzeko, beti ere bertako uraren azterketek hala baimenduz gero. Aldiro-aldiro egin ohi ditu azterketa horiek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, eta horien arabera, iaz bainua hartzeko egokia zen Areetako hondartza.
Zarraoak azpimarratu duenez, "gaur egun hondartza horretan bainua baimentzeko arazo nagusia ez da uren kalitate-maila, aipatutako hondakin solidoak heltzen direla baizik. Hesi honek eragotzi egingo luke horiek sartzea, baina noizean behin hondakinen pilaketa ekiditeko bilketa ere egin beharko litzateke". Uda honetarako, hesia ipintzeko aukera aztertzen ari da Getxoko Udala.
Gaiaren inguruko albisteak
Getxoko hondartzak garbitzeko, 1,3 milioi euro emango ditu Aldundiak (2004 Mar 03)