Haurrentzako jolasguneak zaintzeko 60 mila euro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 4a, 19:59

Udalak 60 mila euro zuzenduko ditu aurten Getxoko umeentzako kale jolasak zaintzeko lanetara, eta zerbitzu hori laster batean esleituko du lehiaketa ireki baten bitartez. 2002tik aurrera abiatu jarri zuten, hiritar askok hala eskatuta, Getxoko enparantza eta parkeak haurrentzako kale jolasguneez hornitzeko inbertsio egitasmoa, "udalerri gazte eta haurrak dituzten famili kopuru haundia duenarentzat ekipamendu egokia baita", Iñaki Zarroa alkatek azpimarratu duenez.

Hasiera batean haur jolas hauen zaintza lana Gizarte Zerbitzuen Arlotik egiten zen, baina iaz geroztik, udalerrian dagoen era honetako ekipamendu kopurua haundia delako, horien zaintzarako zerbitzua kontratatzea beharrezkoa egin da, egokiagoa izan dadin.

Hogeita hamar dira zaindu eta ikuskatu beharreko haurrentzako jolasguneak, hots, "enpresak jolas ezberdinen ajustea eta ikuskatzea egin dezan, pinturaren kalte txikiak konpondu, kojineteak lubrifikatu, eta erraz ken daitezkeen eranskinak eta gauza arriskutusuak, hala nola, beira eta metal zatiak eta harriak ken ditzan", Zarraoak zehaztu duenez.

Lan hauek guztiak hamabostero egingo dira jolasgune bakoitzean, guztietan aldi batera. Horretaz gain, bi hilabetean behin ikuskapen funtzional sakonagoa egingo da, alkateak azaldutakoaren arabera, "ainguralekuen egonkortasuna arakatuz, gastatutako eta akatsen bat duten piezak ordezkatuz, soldadurak miatuz, zoladura zainduz eta kale jolas guztiak ur eta xaboiarekin garbituz".

Gainera, mantenimendu zerbitzua hartuko duen enpresak, arrazoi ezberdinak tarteko, urtean zehar kendu edo lekuz aldatu beharreko kale jolasen desmuntaiaz eta berriro muntaiaz arduratu beharko da.

Udal Gobernu Batzordeak kopuru berbera (beste 60 mila euro) zuzenduko ditu 2005rako, gauza bera egiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun