EHUn euskararen presentzia areagotzea erabakigarria dela uste du Antigüedadek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 4a, 19:59

Iñaki Antigüedad EHUko Hidrogeologiako katedradun eta errektoregaiak uste du erabakigarria dela unibertsitatean euskararen presentzia areagotzea. Aldi berean, euskal sarea eta EHUko barne-antolakuntza bere programaren ezaugarri nagusiak direla nabarmendu du. Horrela adierazi zuen atzo Radio Euskadin eskainiko elkarrizketan.

Antigüedadek aitortu zuenez, "zaila" izaten da programaren ezaugarriei buruz hitz egitea "unibertsitatearen barruan ez dauden lagunei", baina euskararen gaia bere hautagaitzan "erabakigarria" dela berretsi zuen. "Ez bakarrik euskaraz ikasi ahal izatea, baizik eta baita euskaraz ikertu ahal izateko eta maila altuko ikerkuntza ingelesetik eta alemanetik zuzenean itzuli ahal izateko ere", gaineratu zuen.

Antigüedadentzat garrantzitsua den beste ezaugarri bat "ezagutzen transmisiorako sare bat" sortzea da. Ildo honetan, gogoratu zuen elementu hori jada sartuta dagoela EHUko Estatutuetan eta onartu berri den Unibertsitateen Euskal Legean.

Bere programaren hirugarren puntu garrantzitsua campusen autonomiari dagokiona da, bere iritziz, eztabaida hori "zaharkituta" daramalako denbora asko. Zentzu honetan, Leioan zentralizatzen dela salatu zuen, "Ibaeta, Gasteiz edo Bilbo bezalako zentro eta campusak periferikotzat jotzen diren bitartean".

Antigüedadek arbuiatu egin zuen "ezker abertzaleko errektoregaia" dela esatea. "Irakaslea eta ikertzailea izateaz gain, hiritar bat naiz, eta horrek gure herriaren bilakeran parte hartzea eskatzen dit", arrazoitu zuen.

Gainera, bere programa ezker abertzaleko jendeak bakarrik onartzen duela diotenak arrazoirik ez dutela uste du. Ildo honetan, ziurtatu zuen bere programa "ehuneko ehunean" akademikoa dela, "politika unibertsitarioaz hitz egiten delako eta 'eman ta zabal zazu' leloari erantzuten dion zerbitzuzko unibertsitatean sinesten duenak onartu dezakeelako".

Azkenik, Antigüedadek uste du Euskal Herriko Unibertsitateak "eztabaida sakon bat" behar duela, eta horregatik uste du "unibertsitatea ikusteko era ezberdinak" agertu direla, "errektore izateko zazpi hautagaitza aurkeztuz".

Gaiaren inguruko albisteak:

Sektore abertzale eta aurrerakoiak bildu nahi ditu Antiguedadek - Berria (2004 Mar 03)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun