Getxon sortutako glamourra - Nekane Ardanza / Getxo Irratiko kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 4a, 20:07

Emakumezko zein gizonezko modelorik ikusgarrienak ibili dira azken aste hauetan mundo osoko ibiltokietan hainbat diseinatzaileren hurrengo denboraldietarako moda proposamenak erakusten. Izugarrizko muntaiak hiri ezberdinetan (Londres, Milan, Paris, New York, Madrid, Bartzelona…) antolatu eta diru asko inbertitu dute erakustoki eta azoka horietatik enpresa famatuek ahalik eta etekin handiena lortu ahal izateko.

Diseinatzaile horiek ezinbestekoa dute muntaketa horietan parte hartzea, merkatuan ezarritako marketing zorrotzak horrela agintzen baitu.

Hala ere, izen eta ekoizpen handi horiek ezin gaituzte liluratu, oso kalitate oneko produktuak eta jantziak inguru hurbilenean ere aurki baititzakegu.

Izan ere, diseinatzaile asko eta asko dugu Getxon, jo eta ke lanean, hedabideetan eurek egindako lanaren ohiartzun handirik ez dutenak, nahiz eta mundu osoan horiek egindako jantziak oso saldu arren.

Aipagarrienetarikoak “Jota Mas Ge”, Juana Ruiz eta Garbiñe Urdanpilleta algortarrak, alegia. Izugarrizko arrakasta izan berri dute eurek diseinatutako azken bildumarekin Gaudi ibiltokian. Getxoztar hauek 70ko hamarkadan bizi izan zen glamourrera itzultzea proposatu dute, “Betiko diamanteak” lelopean hurrengo udazken eta neguko denboraldiari begira festeetarako aurkeztu dituzten festa jantzietan.

Bestetik, eta udaberri-udarako moda denboraldia gainean dugula eta, beti bezala, Isabel Hormaechea diseinatzaileak aurkeztu ditu Algortako bere tailerrean, orain dela egun batzuk, urteko hile berotsuenetarako proposamenak. Orain arte emakumezkoa izan baldin bada protagonista bakarra bere janzki bildumetan, hemendik aurrera gizonezkoek ere aurkitu ahal izango dituzte berean euren gustura egindako arropak.

Hormaechearen proposamen hauek, maskulinoak izango dira, oso dotore osagarrietan eta berritzaileak ohialen nahasketan. Emakumezkoari dagokionez, berriz, Hormaechea Diseñok hogeigarren mendearen hasierari begiratzen dio: ekialdeko itxurak, abangoardia eta barroko sasoiko inspirazioa...

Getxotarrak dira Elisa Amann – joan den urtean Cibeles ibiltokian “etorkizunerako zantzua” izendatua- edo Areetako Carlota Ormaechea – emaztegaien jantziak egiten ibilbide luzea duena-. Algortan jaio ziren, halaber, Iñaki eta Aitor Muñoz anai bikiak, “Ailanto” izen handiko enpresa sortzaileak. Bertan jaio baina Bartzelonara joan behar izan zuten euren ahalmen sortzaile eta enpresa eraikitzeko aukerak gauzatu ahal izateko. Gaudi ibiltokiaren protagonistak izan dira azken urte hauetan eta, nahiz eta harrigarria iruditu, ekialdeko herrialdeetan saltzen dituzte gehien euren jantziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun