Edozelan ere, iraultza iparamerikarra eta frantsesaren ostean, herrialde txikia (eta bere lurra modu birtuoso eta berdinduan osatzen duen populus-aren kopuru mugatua) eta Errepublika gobernatzeko era egokienaren arteko bateratasuna birpentsatua izan zen. Bietan sortu baitzituzten Errepublika modernoak arestian aipatutako ereduak onartzen zuen baino lur eremu handiagoetan. Baina, hala ere, ereduak egiatasuna mantentzen zuelako seinale, bi estatuek neurri zuzentzaileak hartu behar izan zituzten bertute politikoa eta zabalera geografikoaren arteko konexioa egokitzeko.
Estatu Batuetako zabalerak Despotismoa eskatuko luke. Halere, Errepublika ezarri zuten consensus juris original baten bitartez: federalismoa, alegia, botere-zentroak leku askotan banatuz eta horiek Batasun batez koordinatuta.
Frantzian, esan beharrik ez dago, historiak Monarkia zentralistaren eredu europar nagusia izan dela ongi erakusten digu. Neurria, beraz, aproposa izango luke horretarako. Baina Iraultzarekin izpiritu publikoa kontzeptu berria sortu zen, hain zuzen ere iluministek sortutako iritzi publikoarena ordezkatzeko. Geroago, Napoleonek ordena publikoaren obsesio atzerakoia bihurtu zuen. Dena dela, jakobinoek sortutako izpiritu publikoak zentzu homogeneizatzailea eta koerzitiboa zeukan. 1793ko eskubideen deklarazioan bikoizketa demokratikoa egin zioten: posible da arrazoi publikoaren aurrerapena (gizarte usteldua bertuterantz eramateko), hezkuntza publikoa eta laikoaren bitartez.
Nolanahi ere, nago Montesquieu-k arrazoi duela oraingoz, eta neurri zuzentzaile horiek bi menderen buruan porrot egin dutela. Estatu Batuetako presidenteak gero eta despota baten antz handiagoa du eta Frantziako presidente biziartekoak berriz (Mitterranden kasu ezin argiagoa, esaterako) errege errepublikarrarena. Jakobinoek sortutako izpiritu publikoa, berriz, koerzio hutsa bilakatuz doa eskola publikoetan neskatxa musulmanei estalkia eramateko debekuak ongi asko frogatu duenez.
Euskal Herriaren independentzia despota eta monarkarik gabea nahi dugunontzat, beraz, teoria interesgarria iruditu zait Montesquieu-ren hau.