EHUko errektoregaiarentzat, erakunde honek "kalitatezko zerbitzua eskaini behar dio gure gizarteari", eta horretarako, "ahalik eta hobekien irakatsi eta ikertu behar du". "Ideia argiak eta baliabideak behar dira", adierazi du, finantzazioa EHUren egungo "arazo larri bat" dela gaineratuz.
Unibertsitateen Euskal Legeak EHUri finantz-egonkortasuna emango diola uste duen arren, ez du ahaztu "Unibertsitatearen baliabideak Legebiltzarrak urtero eman nahi dionaren menpe" daudela. Zentzu honetan, Juan Ignacio Perez fundazioak sortzearen alde agertu da, "Unibertsitatearen eta enpresaren eta gizartearen arteko harremana sustatzeko", nahiz eta garrantzitsuena "ongi irakastea eta ikertzea" dela adierazi zuen.
Bigarren itzulia egongo da Perezen ustez
Juan Ignacio Perezek iragarri du bigarren itzulia izango dela errektorea aukeratzeko hauteskundeetan, "ia ezinezkoa delako hautagaietako bakar batek ere gehiengo osoa lortzea" lehen itzulian. Martxoaren 24ko hauteskundeetako bozik gehien lortzen dituzten bi hautagaiak lehiatuko dira bigarren itzulian. Juan Ignacio Perez aurreko hauteskundeetan ere aurkeztu zen errektore izateko bozetara, eta deialdi horretan "gauza asko" ikasi zituela ziurtatu du.