Baina notizia txundigarria zen kobazuloetatik ateratakoa iruditzen zitzaidan hizkera haren muga nire herrian zegoela jakitea. Egia esan, jende gutxik baitzekien orduan, orain ere askoz gehiagok ez dakien bezala.
Getxok bere euskara dauka. Lekeitiok edo Azpeitiak daukaten era berean. Baina hiltzear dago eta ez du ematen inor ahaleginduko denik berpizten. "UK" aldizkariko atal sinbolikoa begiratzea besterik ez dago hiztun gehienak oso zaharrak direla ikusteko. Salbuespenak salbuespen.
Honen aurrean zerua erdibitzeko moduko deiadarra bota gura nuke. Zeri begira gabiltza? Hasteko ez dakit udalak zergatik ez dion Iñaki Gaminderi gure herriko euskararen gaineko lan bat eskatzen. Gure inguruko zenbait herrik egin duen moduan. Kontutan hartuta denbora gure aurka ari dela eta laster ez dela zer eginik egongo. Euskara batuak ez du inoiz bertakoa ordezkatuko, eta hala balitz ere, ezingo genioke geure buruari gure arbasoek utzitako altxorra galdu izana.
Ikastaroak antolatu beharko lirateke, udan barnetegiak egin eta berbalagun proiektu antzeko modukoa sortu geure berba berpiztu gura dugunon artean.
Irakaskuntzan ere txertatu beharko litzateke. Euskara batu aberatsa euskalkien gainean baino ezin delako eraiki. Horrek ahalegin berezia eskatzen du udalaren eta irakaskuntza zentroen artean. Baina ez dago beste biderik.
Baten batek pentsatuko du uste zuena baino erotuago nagoela. Euskaraz lau katuk egiten dugun euskaldun berrien herri honetan halakoak eskatzen hasteko. Baina ziur nago bertako azpi euskalkia bultzatzeak atxikimendu maila handia lortuko lukeela biztanleen artean. Getxotarron altxor bati buruz ari garelako. Gainera, euskaraz lau katuk egin behar badugu ere, egin dezagun gure herria euskaldun petoa zen garaietan (ez orain dela hainbeste) egiten zen bezala.
Arin mugitu beharra dago.