Mota honetako lehiaketak Gipuzkoan eta Nafarroan ohikoak dira, eta Bizkaian ere, indarra hartzen ari dira. Horrela, Abra Saria genero honetako benetako erreferentzia bilakatu da dagoeneko, antolatzaileek adierazi dutenez.
Bertsolari gazteen lana bultzatzeko ekimena abiaraztea pentsatu zen, orain dela hiru urte, Getxo udalerrian. Lehendabiziko edizioan, Nerea Elustondo urretxuarrak irabazi zuen txapelketa. Igaz Jon Martin oiartzuarra izan zen irabazlea, eta ondoren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bigarren saria eskuratu zuen.
ALBE Algortako Bertsolari Eskolak antolatuta, eta Getxoko Udala eta Kultur Etxearen laguntzaz, Abra Sariaren hirugarren edizioan lehiatuko diren sei bertsolariak maila garrantzitsua dute eta bertsolaritzan punta-puntan daude gaur egun. Epaimahaiari dagokionez ere, Euskal Herri osotik helduko dira bere kideak.
Gonbidapena ALBEn (Karitate kalea, 1-16. bulegoa. Algorta), UKn (Amezti, 6-4. solairua- 5. bulegoa. Algorta) eta Algortako Kultur Etxean (Villamonte) jaso daitezke jada, dohainik, edo 13an bertan txartel-lehiatilan ordu bete lehenagotik.