Bergarako ekimenaren Areetako ekitaldiaren berri eman du Fiskaltzan Urquijok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 10a, 21:54

Besteak beste, Osintxun, Arrasaten, Villabonan, Sestaon, Areetan, Deustun eta Laudion, Bergarako ekimenak bihar egin behar dituen ekitaldien berri eman die Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Hauteskunde-batzen presidenteei eta Fiskaltzako lurraldeburuei, Carlos Urquijo EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Aipatutako ekitaldiak aztertzea eta, beharrezkoa balitz, horien aurkako neurriak hartzea eskatu du.

EAEko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak prentsa-ohar baten bidez adierazi duenez, martxoaren 14ko hauteskundeetarako ezker abertzaleak bultzatzen ari den bozka ikus daiteke ekitaldien karteletan. Urquijoren hitzetan, "hauteskunde ekitaldien deialdi argia egiten ari dira. Izan ere, euretan egon daitezkeen gora beherak alde batera utzita, kointzidentzia nabarmena dago iragarki horien eta ezker abertzaleko hainbat buruek publikoki egin dituzten adierazpenen artean, autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenak eginez".

"Espreski inolako pertsona juridikok deituta ez dauden arren, Hautsekunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoaren 50-3 artikulua urratzen dute eta 54 artikulua aplikatu beharko litzateke", aipatu du Urquijok. Halaber, aipatutako legearen "144 artikuluaren urraketatzat ere" hartu daitezkeela gaineratu du Espainiar Gobernuko ordezkariak: "Atxilotzea edo 30 milatik 300 mila pezeta arteko izuna ekar dezake, kartelak jartzeko esparruak edota batzarrak eta bestelako ekitaldi publikoak egiteko arauak ez errespetatzeak".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun