Hauteskunde nazionalak - Josu Landeta / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 12a, 22:29

Estatu espainolean hauteskunde orokorrak direla eta, hausnarketa eguna dugu larunbatean. Behar bada egun honetan batzuentzat hauteskundeei buruz idaztea ez da oso etikoa izango, baina ez dut baten edo bestearen aldeko propaganda egiteko asmorik, batetik inork ez duelako merezi, eta bestetik ez diodalako Urquijo Jaun salatariari inolako motiborik eman nahi neure kontura propaganda politikoa egin dezan.

Mendebaldeko sistema politikoen aburuz, herrialde baten erabakietan biztanleok parte hartzea ziurtaturik daukagu, hiru edo lau urtetan behin horrelako edo halako alderdi politiko bati botua eman diezaiokegulako. Erabakitzeko ahalmena alderdi horiengan delagatzen dugu, eta gure ordez haiek nahi dutena erabaki dezakete. Mendebaldean horretan datza demokraziaren kontzeptua. (“Gehiengoaren diktadura” esaten diote batzuek). Estatu Espainolean ere, 40 urtez iraun zuen diktaduraren ostean aukera hori zabaldu zen, eta gaur egun ustez espainolak garenok 4 urtero behin badugu erabakitzeko ahalmena, gure gobernariak zeintzuk izango diren erabakitzeko ahalmena.

Hori dena oso egokia eta zuzena izango litzateke, baldin eta pertsonak zein gauzak zuzenak izango balira. Baina horrela ez denez, badira kontu batzuk esan beharrekoak:

- Hauek euskal herritarrontzako (bai, Urquijo Jaun salatari hori, ni euskal herritarra naiz, zuri gustatu ez arren) hauteskunde arrotzak dira, gu halabeharrez sartu gaituzten eremu baten gobernua erabakitzen delako. Gobernu hori Madrilen egongo da, eta bertan gure alde gauza gutxi espero dezakegu. Gure kontra, ostera, behin eta berriz jipoia jipoiaren atzetik, euskal herritar asko etengabeko susmopean jartzen gaituzte.

- Alderdi eta aukera politiko guztiek ez daude berdintasunean: Alderdi batzuen boterea izugarria da, eta beste batzuek ia ez dute sistema horretan presentziarik. Zer esanik ez aukera politiko bat (Euskal Herrian oso garrantzitsua) bahiturik daukatela, debekua dela medio aurkezteko aukerarik ere ez duelarik, eta horren bitartez milaka pertsonen botu eskubidea zapuztu egiten dute.

- Lau urtetan behin erabakitzeko ahalmena izateak ez du lurralde batean demokrazia bermatzen (ez estatu espainolean, ez etorkizuneko Euskal Herri askatuan), gure ordez erabaki behar duen alderdi horri nahi duena egiteko paper zuri bat ematen zaiolako. Gobernuan nor egongo den erabakitzea ondo dago, baina eguneroko erabakietan kaleko biztanleok ere badugu zer esanik.

Hauteskundeak behar ditugu, bai, baina “hauteskunde nazionalak”, edo “nazio-hauteskundeak” nahi baduzue, Euskal Herri osoko lur eremuan gure etorkizuna erabakitzeko aukera emango digutenak. Horretarako gure lurraren jabe izan behar dugu, eta hori bakarrik lortuko da Euskal Herria den errealitate horretan (bai Urquijo Jaun salatari hori, Euskal Herria esistitzen da) kultura, ekonomia, gizarte eta politika arloetan eraikuntza prozesua egunez egun egiten badugu, egun batean “nazio-hauteskundeetan” aukera politiko guztiak parte hartu, eta eguneroko erabakietan gure ahots propioa izan dezagun.

Horretarako euskal herritar sentitzen garen guztion batasuna beharrezkoa da, baina gaur batzuen eta besteen aitzakiak direla medio ez dirudi bide onetik goazenik, oraingo honetan inoiz baino sakabanatuago gaudelarik. Alderdi politikoek badute hor zer esan eta zer egin, baina oso lanpeturik daude hau edo bestea dela eta elkarren kontra mokoka. Alderdi politikoak batasuna lortzeko gai ez badira, bihur gaitezen Euskal Herriko biztanleok horren aintzindari, egunero nazio- eraikuntzan gure lurra goldatuz eta etorkizunerako prestatuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun