Txinako esaera zahar batek dio... - Igor Elordui / AEKko komunikazio arduraduna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 12a, 22:29

Txinako esaera zahar batek dio, atzamarrak ilargia seinalatzen duenean tontoa atzamarrari begira geratzen dela. Ilargira begira paratzen ez bagara, atzera aurrera atz erakuslearen atzazal zorrotzaren mina begi barruan igarriko dugu.

Madrilen gertatu dena tragedia da. Beste leku batzutan gertatutakoekin lotzen den tragedia latza. Latza Madrilen, latza New York-en, latza Moskun, latza Tel-Aviv-en, latza Palestinan, Iraken, Txetxenian, Aljerian... Berdin da latza eta arbuiagarria leku batean zein bestean, lehen, orain edo gero. Latzak dira gertatutakoa eta latzak hori geratzea eragien duten arrazoiak.

Madrilen gertatutakoak ostera sakon astindu gaitu Euskal Herrian. Madril hurbil dago. Zurrunbiloaren erdian sartu gaituzte, ohikoa den legez, eta oraingoan zurrunbiloak denok irentsi behar gintuela ematen zuen. Dena beti justifikatzera behartuta, erruak pontifikatzen hasi ziren hemen asko ostegun goizean. Euskal Herria liburu bateko aipu gisa ere ukatzen dutenei ez daukat jada ezer esateko. Baina inozo eta axolagabe jokatu zuten hemengo batzuei bai.

Ibarretxe jauna, ez zenuen asko itxaron. Oraindik hildako kopuruak beranduago izango zenaren trazarik ere ez zeneukanean ziurtzat eman zenuen osteguneko atentatua ETAk egin zuela, eta egileak ez zirela euskaldunak, basapiztiak zirela borobil bota zenuen. Gauza batean badirudi arrazoia zenuela Ibarretxe jauna eta aitortu egin behar dut. Osteguneko atentatuaren egileak ez ziren euskaldunak. Baina, eskertuko nizuke Ibarretxe jauna, berriro agertzea denon aurrera eta niri otu zaizkidan galdera batzuen gainean argia emango bazenit: Irakiarrak, txetxeniarrak, palestinarrak, arabiarrak izanik, basapiztiak dira? Izan daitezke basapizti eta txetxeniar, palestinar edo arabiar aldi berean?

Beste galdera bat: Atentatua egin ez zuten euskaldunak basapizti euskaldunak dira ala ez dira orain arte basapizti izan, ala ez dira inoiz euskaldun izan? Eta beste bat: Bush, Aznar eta enparauak zer dira? Eta eskertuko nizuke halaber, zure jarrera inozoak eragin dituenetaz eta eragin zitzakeenetaz jabe zaitezen. Ez nuke nahi sekula euskaldun batek horrelako bat egitea. Ez nuke nahi sekula euskaldun bat horrelako bat egitera bultza dezakeen egoerara ailegatzea. Nahiko nuke behingoz dena konpontzea. Berbaz, eta etxetik hasita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun