Besteak beste, Bartzelonan izandako manifestazio jendetsuan, jendea oihuka hasi zitzaien Josep Pique Kataluinako PPko burua eta Rodrigo Rato Espainiako presidenteordeari eta pankarta zeramaten Kataluniako agintariak baino atzerago jarri behar izan ziren. Manifestazioa bukatu aurretik atera egin zituzten poliziaz inguraturik. «Gezurtiak, hiltzaileak eta kanpora» oihukatu zieten etengabe. Besteak beste, Pasqual Maragall Generalitateko presidenteak, Josep Lluis Carod-Rovira ERCko idazkari nagusiak, eta Ernest Benach Kataluinako Parlamentuko presidenteak zeramaten "Terrorismoaren aurka, Katalunia Madrilgo biktimekin, Demokrazia eta Konstituzioarekin alde" lelo ofizialaz gain, beste askok jendearen haserrea irudikatu zuen: Aznar, Bush eta Blair errudunak; Gerrarik ez; Informaziorako eskubidea, ez itsuak, ez gogorrak; Terrorismoa ez, Aznar ez; edota Hau gertatzen zaigu gobernu fatxa bat izateagatik.
Ehunka milaka lagun batu zituen Madrilgo manifestazioan, berriz, ibilbidean zeuden manifestari askok eta askok Jose Maria Aznar Espainiako presidentea pasatzen ikusten zutenean, "Zein izan da? Egia jakin nahi dugu terrorismoari buruz" oihukatzen zioten behin eta berriro. Deiadar hori izan zen gehien entzun zena Madrilgo karriketako elkarretaratzean. Baina builak ez ziren horretan gelditu eta tentsio uneak ere egon ziren, Gobernua gezurti zioen kartela atera zuenean manifestari batek. Jendea erasoka hasi zitzaion, beste batzuk lasaitasun eske aritu ziren bitartean.
Euskal Herriko hiriburuetan egindako elkarretaratzeetan "egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu zuen jendeak eta politikariek. Horietako batzuetan tentsio uneak bizi izan ziren. Besteak beste, Bilbokoan, banaketa argia somatu zen gerraren eta terrorismoaren aurkako oihuen artean. Iruñean espainiar banderak zeramatzaten gazte ultraeskuindarrek hainbat lagun iraindu eta mehatxatu zituzten.