Oraindik ere PPk ETAri leporatzen dizkio atentatuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 13a, 14:00

Nahiz eta erakunde armatuak Madrilgo atentatuekin zerikusirik ez duela adierazi, ETAren komunikazioari egiantza kendu nahi izan zioten PPko ordezkariek eta PSOEko batzuek. Besteak beste, "inolako baliorik ez" duela adierazi zuen Javier Arenas Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak (PP). Manuel Chaves Andaluziako presidenteak (PSOE) ere antzeko adierazpenak egin zituen. Jaime Mayor Orejaren hitzetan, "bortizkeriaren logikak ETA egiten du erantzule". Jesus Caldera Diputatuen Kongresuan sozialisten bozeramaleak, aldiz, "guztion zorigaitzerako" ETAk egia esaten duela adierazi zuen.

Al Kaeda-rekin loturiko talde batek atentatuak beregain hartu arren, oso gutxi aldatu da Espainiako Gobernuaren iritzia horien egiletzari dagokionez:

Martxoak 11

13:30: "Dudarik gabe" ETA izan dela ziurtatzen du Angel Acebes Barne ministroak, aurretik ere erakunde armatuak Madrileko metroan atentatuak egiten ahalegindu dela argudiatuz. Hasieran leherkariak Titadinez eginda daudela esan arren, ondorengo adierazpenetan ez du datu konkreturik ematen. Jose Maria Aznarrek, berriz, ez du inolako erakunde armaturen izenik ematen.

20:20: Alcala de Henares-en detonagailuak eta Koranaren bertsoak egozan bideo-zinta zeramatzan furgoneta atzeman ostean, beste ikerketa-ildo bat zabalik dagoela adierazten du Acebesek. Hala ere, "lehentasuna" ematen dio ETAren egiletzari.

20:45: Al Kaedak atentatuak beregain hartu dituela ezagutu ostean, egiantza kentzen dio honi Espainiako Gobernuak. Trenean kamikazerik ez zegoela gezurtatzen dute. Eduardu Zaplanak "toxikazioa" aipatzen du.

Martxoak 12:

11:15: Berriro ere, ETAren aipamenik ez du egiten Aznarrek eta egiletzaren bi aukerak parekatuta daudela aipatzen du.

18:15: Oraindik ere ETAri leporatzen jarraitzen dio Acebesek, Alcalako furgonetan topatutakoak eta lehertu gabe gelditu den motxilaren azterketak kontrakoa adierazten duten arren.

19:00: ETAren deiari egiantza kentzen dio Gobernuak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun